Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariak Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Angel Otaegiren inguruan egindako adierazpenak oso larriak eta kezkagarriak direla azpimarratu du EH Bilduk. Izan ere, parekatu egiten ditu frankismoa eta antifrankismoa, faxismoa eta antifaxismoa. Modu horretara, deslegitimatu eta kriminalizatu egiten ditu erresistentzia antifrankista. Eta horren guztiaren ondorioz, zuritu egiten ditu faxismoa eta frankismoa. Erabilitako errelatoa estatu kolpe faxista eta horren ondorengo gerrari buruz hitz egiterakoan Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak erabilitakoaren berdina dela nabarmendu du ezker subiranistak.
Era berean, EH Bilduk salatu du egindako adierazpenak iraingarriak eta oso mingarriak dira Txiki eta Otaegiren memoriarentzat, Txiki eta Otaegiren familientzat eta, hedaduraz, Euskal Herrian frankismoaren biktima izan diren milaka herritarrentzat eta haien inguruarentzat.
EH Bilduk gogoratu nahi du Estatu faxista bat izan zela Txiki eta Otaegi hil zituena. Txiki eta Otaegi fusilatu aurreko egunetan Euskal Herrian hiru greba orokor izan zirela ekarri du gogora. Baina mugimendu eta mobilizazio horiek ez ziren egon gure herrian bakarrik. Txiki eta Otaegi fusilatu aurreko egunetan nazioartean mobilizazioak eta heriotza horiek ez gertatzeko ahalegin ezberdinak izan ziren. Europa eta mundu osoan mobilizazioak izan ziren. Hala, Olof Palme Suediako presidentea eta Europako sozialdemokraziaren erreferente nagusia Txiki eta Otaegiren alde eta fusilatu zituztenen aurka azaldu zen. Mexikok, bestalde, Espainiako Estatua Nazio Batuen Erakundetik ateratzea eskatu zuen.
Horren guztiaren ondorioz, EH Bilduk gogoeta sakona egiteko eskatzen dio Gogora Institutuko zuzendariari, egindako adierapenak ez datozelako bat daukan ardura politikoarekin. Halaber, errelato hori alboratzeko eta gehiago ez erabiltzeko eskatzen dio Alberto Alonsori, iraingarria eta mingarria delako Euskal Herrian dauden frankismoaren biktimentzat eta egiaren aurka egiten duelako.