AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-07-23

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Legebiltzarrean Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari, Donostiako Karmengo jaietan Ertzaintzaren eskuhartze bortitza argitu dezan. Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak galdetu dio, besteak beste, ea bere iritziz proportzionala izan zen ertzainak jai gunean kolpeka eta indarrez sartzea, eremu horren zaintzan ari ziren pertsonen irizpideak kontuan hartu gabe eta lau pertsona larrialdietara bidaliz, ertzainek beraiek emandako kolpeen ondorioz.

Ortiz de Guineak eskuhartze bortitz horren arrazoia zehazteko eskatu dio sailburuari, “eta, batez ere, argitzeko zergatik sartu ziren ertzainak txosna gunean eta zergatik erabili zuten indarkeria hori”, bertako arduradunak egoera baretzen saiatu arren. Izan ere, “agenteek ez zituzten kontuan hartu txosna gunearen zaintzan zeuden jai batzordeko hainbat kideren irizpideak, nahiz eta modu identifikagarrian gerturatu ziren haiengana. Zergatik ez zieten jaramonik egin? Zergatik jardun zuten hauen aurka indarkeriaz?”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “Ertzaintzaren eskuhartzea neurriz kanpokoa izan zen eta gertaera hauek argi uzten dute, beste behin, polizia eredu berria behar dugula, gertutasunean oinarrituko dena eta herritarrengan konfiantza sortuko duena”.