AKTUALITATEA

| 2021-12-03

Kanakiar herria hautetsontzietara deituta dago datorren abenduaren 12an hirugarren eta azken independentzia-erreferendumean botoa emateko, aurreko bietan baiezkoaren aldekoek botoen %43,33 (2018) eta % 46,74 (2020) lortu ondoren, hurrenez hurren.

Hala ere, egungo egoera sanitario eta soziala ez da egokiena erreferendum hori egiteko Covid-19aren pandemiak bereziki kolpatu duen herrialde batean. Horregatik, hainbat sektorek kontsulta atzeratzea eskatu dute. Hala egin zuen Kaledonia Berriko Kongresuaren gehiengoak, eta halaxe egin dute Pazifikoko hainbat gobernutako ordezkariek. Frantzia metropolitarreko hainbat ahotsek ere bat egin dute eskaera horrekin. Are gehiago, FLNKS-k, prozesu independentista kanakiarreko eragile nagusietako batek, erreferendumean ez duela parte hartuko iragarri du.

Kontsulta atzeratzeari uko egiteak ondorio larriak izan ditzake parte-hartzean, batez ere komunitate zaurgarrienen artean, horiek baitira Covid-19aren ondorioak gehien pairatu dituztenak. Era berean, zalantza handiak sor ditzake galdeketaren emaitzen sinesgarritaasuna eta zilegitasunari buruz.

Hitzorduak Kaledonia Berriko herriaren etorkizun politikorako duen garrantzia dela eta, Madrilgo 25 legebiltzarkidek, sei alderdi politiko desberdinetakoak, bat egin dute erreferenduma atzeratzea eskatzen duten ahotsekin, osasun eta gizarte baldintzak normaltasunera itzuli arte, eta hala helarazi diote Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteari.

Sinatzaileen zerrenda:

  • Mertxe Aizpurua, Oskar Matute, Jon Iñarritu, Bel Pozueta, Iñaki Ruiz de Pinedo, Gorka Elejabarrieta, Idurre Bideguren – Euskal Herria Bildu · EH Bildu

  • Gabriel Rufian, Marta Rosique, Inés Granollers, Joan Margall, Xavier Eritja, Gerard Álvarez, Norma Pujol, Carolina Telechea, Maria Dantas, Montse Bassa – Esquerra Republicana · ERC

  • Nestor Rego – Bloque Nacionalista Galego · BNG

  • Albert Botrán, Mireia Vehí i Cantenys – Candidatura d'Unitat Popular · CUP

  • Míriam Nogueras i Camero, Mariona Illamola i Dausà, Pilar Calvo i Gómez, Josep Pagès i Massó – Junts per Catalunya

  • Anton Gómez-Reino – Podemos