‘Herriek lidergoa hartu - Locals Take the Lead’ lelopean, Europako udal hautetsi aurrerakoien topaketa egingo dute urriaren 23an eta 24an Iruñeko Baluarten EH Bilduk eta European Left Alliancek (ELA), European Free Alliancekin (EFA) elkarlanean. Orotara, tokiko ehun udal ordezkarik baino gehiagok parte hartuko dute Europan ezohikoa den hitzordu honetan.
Europan eta munduan areagotzen ari den olatu autoritario eta faxistaren aurrean, mugarri izateko anbizioa du topaketa aitzindari honek. Helburu argi batekin: herriz herri ezkerreko indar politikoek egiten ditugun politika eta proiektu eraldatzaileak ezagutaraztea eta balioan jartzea. Hori baita ultraeskuinaren oldarraldiari aurre egiteko eta ziurgabetasun garaiotan herritarrei bizitza duinak bermatzeko bidea.
Udal gobernuen esperientzia arrakastatsuak partekatzeko, udalerriek dituzten erronka nagusiak eztabaidatzeko eta tokiko eremutik eraldaketa sozialarekin konprometituta dauden arduradun publikoen arteko aliantzak indartzeko balioko du trukaketa politikoari eta lankidetza munizipalistari buruzko nazioarteko topaketak.
Tokiko gobernuek politika publiko berritzaileak sustatzeko eta egungo erronka sozial eta ekonomikoei erantzun eraginkorrak emateko duten abian dituzten proiektuetan jarriko du fokua Iruñeko Baluartean egingo den ekitaldiak.
Gobernantza eredu egokiak partekatzea, lurralde ezberdinetako udal ordezkarien arteko sinergiak sortzea eta Europako agenda politikoaren erdigunean dauden gaiei buruzko hausnarketa bateratuak egingo dituzte ikuspegi munizipalista batetik.
Etxebizitza eta gobernantza aurrerakoia
Programak bi panel nagusi izango ditu: gobernantza aurrerakoiari eta etxebizitza politikei buruzkoak.
Besteak beste, gobernu koalizioen eraikuntza, botere instituzionalaren kudeaketa herri eta eskualdeetan, eta etxebizitza eskuragarria bermatzeko udal ekimenak landuko dituzte horietan.
Horrez gain, puri-purian dauden gaien inguruan eztabaidatzeko hainbat panel tematiko antolatu dituzte: aniztasuna eta migrazioak, segurtasun komunitarioa, hizkuntza gutxituen sustapena, indarkeria matxista desagerraraztea, elikadura burujabetza, irizpide sozial eta ekologikoak dituen kontratazio publikoa, zaintza eta hezkuntza politikak, eta udalerriek trantsizio ekologiko justu batean duten papera.
Mundu osoko parte hartzaileak
Iruñeko alkate Joseba Asironek emango die hasiera topaketei, eta EH Bilduren Donostia, Gasteiz eta Bilboko alkategaiek hartuko diote lekukoa. Nerea Kortajarenak, Rocio Viterok eta Maria del Riok etxebizitzari, gobernantza aurrerakoiei eta komunitate seguruei buruzko mahai inguruak gidatuko dituzte, hurrenez hurren.
EH Bilduko hautagaiekin batera, Europako eta nazioarteko alderdi politiko eta erakunde ugaritako udal ordezkari esanguratsuek hartuko dute parte Iruñeko topaketan: besteak beste, Sinn Féin, Plaid Cymru, Die Linke, Bloco de Esquerda, La France Insoumise, Moèemo!, Partia Razem, Levica, Vänsterpartiet, Democratic Socialists of America (DSA), Morena, South African Communist Party, Esquerra Republicana de Catalunya eta Podemos.
Halaber, Kopenhage, Helsinki, Varsovia, Krakovia, Lisboa, Bolonia, Turin, Amsterdam, Maastricht, Saint-Denis, Madril, Cardiff, Bartzelona, Dundee, Potsdam, Salzburgo, Zagreb, Tirana, Johannesburg, Mexiko Hiria eta New York bezalako hiri entzutetsuak ere ordezkatuta egongo dira Euskal Herriko hiri buruzagian, elkar entzuteko eta haien esperientziak partekatzeko.
Ekimen honi esker, Iruñea udalgintza aurrerakoiaren nazioarteko topagune bihurtuko da bi egunez, eta tokiko demokrazia indartzeko, lankidetza sareak sendotzeko eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko konpromiso irmoa duten arduradun publikoak bilduko ditu.