AKTUALITATEA

Nazioartea | 2026-08-12

Joan den abuztuaren 10ean Turkiako Parlamentuak onartutako legeak desarmatzea eta PKKren desegitea arautzen du, baldintzatutako babes juridikoa eta birgizarteratzeko mekanismoak aurreikusten ditu, eta haren aplikazioa desarmatzea egiaztatzeari lotzen dio. Euskal Herriko esperientziak badu zer ekarri, bereziki gatazka politikoak elkarrizketaren eta bide demokratikoen bidez lantzeko.

Baina nazioarteko elkartasunak ez du kanpotik eredurik inposatzea esan nahi. Prozesu bakoitzaren ezaugarriak eta erritmoak errespetatuz, konfiantza, elkarrizketa eta berme demokratikoak indartzea baizik.

Testuinguru horretan, Turkiako Parlamentuak onartutako legea aurrerapauso gisa baloratu behar dela uste du EH Bilduk. Desarmatzea eta PKKren desegitea marko juridiko batean kokatzen ditu, eta desmobilizazioaren ondorio juridiko eta sozialetarako neurriak aurreikusten ditu. Hori garrantzitsua da, armak uzteko erabakiak segurtasun juridikoa eta birgizarteratzeko baldintzak behar dituelako.

Aldi berean, legeak ez ditu gatazkaren dimentsio politiko guztiak ebazten. Kurduen eskubide politiko eta kulturalak, terrorismoaren aurkako legediaren erabilera edo Öcalanen egoera eta askatasuna bezalako gaiak saihesten ditu.

Horregatik, desarmatzea ez da nahikoa bake-prozesu bat sendotzeko. Ondorengo fasean konfiantza politikoa, eskubide demokratikoak eta gatazkaren arrazoi politikoak lantzeko mekanismoak garatu beharko dira.

Hori da Euskal Herritik egin dezakegun ekarpen nagusietako bat. Gure esperientziak erakutsi zuen indarkeriaren amaiera prozesuaren abiapuntu garrantzitsua dela, baina ondoren datozen gaiak ere landu behar direla: ondorioak, presoen egoera, biktimak, memoria eta gatazkaren dimentsio politikoa.