Espainiako Estatuko egoera politikoa ezegonkorra eta nazioarteko testuinguru nahasia aztertzeko lan topaketa egin dute, gaur goizean, EH Bilduk eta Sumar Mugimenduak Bilbon. EH Bildu indar subiranistekin eta ezker konfederaleko indar politikoekin egiten ari den aldebiko bileretan kokatzen da bilera.
EH Bilduren ordezkariak honako hauek osatu dute: Arnaldo Otegi idazkari nagusia, Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria eta Gorka Elejabarrieta Harreman idazkari eta Senatuko bozeramailea. Sumar Mugimenduaren izenean, berriz, Rosa Martínez koordinatzaileak, Oscar Urralburu Antolakuntza idazkariak eta Lander Martínez Koordinazio Instituzionaleko arduradunak hartu dute parte.
Topaketan egoera politikoaren eta sozialaren bilakaerari buruzko analisia partekatu dute bi indar politikoek, eta adierazi dute kezkatuta daudela joera autoritarioek aurrera egin dutelako, bai Espainiako Estatuan, bai nazioartean. Adierazi dutenez, testuinguru horrek erronka garrantzitsuak planteatzen ditu azken hamarkadetan finkatutako eskubide eta askatasunak babesteko, baita oinarrizko balio eta eskubide demokratikoak babesteko ere.
Ezker subiranistak eta Sumar Mugimenduak kezka adierazi dute nazioarteko gatazkak ugaritu direlako eta alde anitzeko mekanismoak eta nazioarteko zuzenbidea ahuldu direlako estatuen arteko liskarrak konpontzeko esparru gisa.
Egoera horren aurrean, bi indar politikoek uste dute ezkerreko indarren arteko lankidetza indartu behar dela, eskubide sozial eta demokratikoak defendatu eta zabaltzeko helburuarekin. Zentzu horretan, etxebizitzarako sarbidea bermatuko duten, osasun publiko unibertsala indartuko duten eta herritarren segurtasuna eta ongizatea hobetzen lagunduko duten politika publiko indartsuak bultzatzearen garrantzia nabarmendu dute.
Bi eragile politikoak bat etorri dira balio demokratikoen eta oinarrizko eskubideen defentsa ekintza politikoaren lehentasun nagusien artean kokatu behar dela egungo testuinguruan, hori izango baita gero eta handiagoa den olatu autoritarioa geldiarazteko tresnarik onena.
Azkenik, Sumar Mugimenduak eta EH Bilduk adierazi dute egungo erronkei erantzun sendo bat emateko beharrezkoa dela Espainiako Estatuan sakontze demokratikoan aurrera egitea. Esparru horretan, bi indarrek beharrezkotzat jotzen dute Estatuaren izaera plurinazionala aitortzea.