AKTUALITATEA

| 2025-05-23

EH Bilduk Jaurlaritzaren 2025eko Aurrekontu Legea aldatzea babestu du, 1.000 milioi euroko zorpetze gehigarria ahalbidetzeko. Erabaki honek Indartuz funtsa sortzea bideratzen du, zeinak industria politika indartzea izango duen helburu. Hala ere, koalizioak uste du urrats hori, beharrezkoa izan arren, ez dela aski gaur egungo erronka sozialei aurre egiteko.

Testuinguru honetan, Pello Otxandianok, proposamen bat aurkeztu du: etxebizitza publikoaren sustapenerako funts publiko espezifiko bat sortzea, herri honek bizi duen etxebizitza larrialdiari egiturazko erantzuna emateko.

Hurrengo hamarkadan, gutxi gorabehera 60.000 eta 70.000 etxebizitza berri beharko dira dagoen eskariari aurre egiteko. Horietatik 40.000 etxebizitza eraiki beharko dira hutsetik, eta gainerakoa etxebizitza parkea birgaituz edo esku-hartuz lortu beharko da. EH Bilduk proposatzen du etxebizitza horien %75 sektore publikoak eraikitzea eta gehienbat alokairura bideratzea.

Estrategia hori garatzeko, 3.000 milioi euro mobilizatu beharko lirateke hamar urtetan, finantzazio publikoa (zorpetzea barne) eta bokazio soziala duten eragileak, hala nola fundazio bankarioak eta EPSV-ak (Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak), uztartuz.

Otxandianok gogorarazi du Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak 2.000 milioi euro gehiagoko zorpetze-aukera onartu duela, eta gaitasun horren zati bat berehala aktibatzea proposatu du etxebizitza funts berrira bideratzeko. EH Bilduk denbora darama proposamen hau lantzen, eta haren bideragarritasuna sektore pribatuko aditu finantzarioekin kontrastatuta dago.

EH Bilduk azpimarratu du baliabide normatiboak, finantzarioak eta instituzionalak badirela etxebizitza publikoaren politika anbiziotsu bat gauzatzeko, eta bi palanka estrategiko aktibatzea proposatzen du: Jaurlaritzak bere agendatik kendu duen etxebizitzaren Lurralde Plan Sektoriala (LPS) berriz aktibatzea eta alokairurako etxebizitza publikoaren funts bat sortzea, izaera sozial nabarmenarekin eta belaunaldiarteko elkartasunaren ikuspegiarekin.

Otxandianok alderdi politikoei elkarlanerako deia egin die, dagoeneko nahikoa zehaztasun tekniko duen proposamen honen gainean lan egiteko.