Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileari elkarrizketa egin diote ETB1eko 'Egun On' saioan.
«Neurri ugari proposatu ditugu prezioen igoera arintzeko eta langileon mesederako. Ezkutu sozialeko hainbat neurri mantentzea lortu dugu (bono sozial elektrikoa eta oinarrizko horniduren mozketen debekua), baita industria elektrointentsiboei laguntzak berreskuratzea ere».
«BEZa jaistea ez da soluzioa: ez du inolako ikuspegi progresiborik, ez herritarrengan onurarik. Berriki ikusi dugu zergen jaitsiera ez dela islatzen herritarren poltsikoetan eta, aldiz, etekinak enpresa handietara joaten direla: energia eta petrolio konpainia handietara».
«Gure errealitate sozioekonomikora egokitzen den gutxieneko soldata propio bat izatea babes zabala duen aldarrikapena dela argi erakutsi du beste behin greba orokorrak. Burujabetza gehiago behar dugu, hobeto bizitzeko».
«Korrika poza da, alaitasunez euskaraz bizitzea. Euskaldunok emozio handiarekin bizitzen dugun aldarrikapena da, lekuko horrek euskarari eta euskaren aldeko konpromisoari lotzen gaituelako, are gehiago euskararen aurkako oldarraldi betean».