Zirraraz eta harrotasunez, EH Bilduk Korrikan parte hartuko du eta Korrika ona opa die euskal herritar guztiei. Era berean, AEKren lan eskerga aitortu, txalotu eta azpimarratu nahi du beste urte batez.
Atharratzetik Bilbora, Euskal Herria bere osotasunean gurutzatuko duen ekimenak gure nazioaren mapa marraztu eta aldarrikatuko du: euskara gara.
Euskarak ezinbestean behar du Korrika, Euskal Herriak euskara behar duen bezala. Gure hizkuntza nazionalaren aurkako oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoaren erdian, hurrengo hamar egunak aukera paregabea dira euskararen biziberritzeari bultzada emateko; aukera hori baliatzeko deia egiten du EH Bilduk.
Testuinguru honetan, euskararen eta hizkuntza-politika berri baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du EH Bilduk. Euskarak elkarguneak eta ekimen herritarrak behar ditu —Korrika, kasu—, baita herri honen etorkizunerako ezinbestekoak diren herri akordioak ere.
Ildo horretan, ezkerreko subiranismoak, dagokion erantzukizunetik, kontsentsuak bilatzen jarraitzeko hitza ematen du: oldarraldiaren aurrean, berdintasunezko estatus juridiko berria erdiesteko, euskara ikastea irisgarria egiteko eta euskarak behar duen indarberritze aro berri bat irekitzeko.
Berdintasunean eta eskubide osoz, plaza guztietan euskaraz bizitzeko.