AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-03-13

Euskal Herrian bizitzaren kostua gelditu gabe hazten ari da, eta hori nabaria da etxebizitzaren prezioan, erosketa-saskian edota argiaren fakturan. Errealitate honek zuzenean eragiten die herritarren poltsikoari, ongizateari eta, azken finean, bizi-segurtasunari; izan ere, bizitza gero eta garestiagoa dela ikusten dute, jaso beharreko soldata edo pentsioak modu proportzionalean igotzen ez diren bitartean. Euskal Herrian bizitzaren kostua Espainiako Estatuko gainerako lekuetan baino handiagoa da, berezko errealitate sozioekonomikoa dugulako; hala ere, hemen jasotzen diren ordainsariak ez daude egoera horren mailan. Ondorioz, egunerokoari aurre egitea gero eta zailagoa da, eta are zailagoa modu duinean egitea, etorkizuneko proiektu bat eraikitzeko beharrezko bermeekin. Ziurgabetasun hori handitu egin da azken asteetan gerra inperialistaren ondorio ekonomikoengatik, eragin zuzena izaten ari baitira oinarrizko kontuetan, gasolinaren prezioan adibidez.

Gure herrian adostasun sozial zabala dago lanbide arteko gutxieneko soldata igotzearen alde, soldatak lurraldearen errealitatera egokitu daitezen eta hemen bizi eta lan egiten dutenei bizi-segurtasuna berma dakien. Zentzu horretan, EH Bilduk aitortu egiten du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gehiengo sindikalak Euskal Herria duinduko duen berezko gutxieneko soldata lortzeko egindako ahalegina. Beharrezkoa da gogora ekartzea 140.000 sinadura bildu zituen Herri Ekimen Legegile historikoa, EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeari ere uko egin ziotena, baita Confebask patronalak euskal langileentzako gutxieneko soldata duin baten inguruan mahai baten bueltan negoziatzeari emandako ezetza ere.

Ezker soberanistak urteak daramatza euskal gizartearen gehiengoaren nahiaren alde lanean, hainbat ekimenen bidez. Atzo bertan, EH Bilduk eta Geroa Baik erregistratutako proposamen bat eztabaidatu zen Nafarroako Parlamentuan. Gainera, joan den astean, EH Bilduk proposatutako beste mozio bat eztabaidatu zen Eusko Legebiltzarrean, eta, tamalez, EAJren, PSEren eta eskuin erreakzionarioen kontrako botoa jaso zuen. EH Bildurentzat lehentasunezkoa da herri honek bizi baldintzak hobetzeko gaitasun nahikoa izatea; lehentasuna izateaz gain, justizia eta demokrazia kontua baita. Euskal langileei dagozkien gaien inguruan erabaki nahi izatea sekula uko egingo ez diogun subsubiranotasun ariketa da. Horretarako gaitasun guztiak izan ez arren, alferrik galtzen utzi behar ez genituzkeen tresnak baititugu.

Martxoaren 17ko mobilizazioa beharrezkoa da herritarren bizi-segurtasuna bermatzeko, bizitzaren garestitzera behingoz egokituko diren soldata eta pentsioen bidez. Prezioak igotzeari uzten ez dioten errealitate baten aurrean, EH Bilduk premiazkotzat jotzen du herritarren eros ahalmena berreskuratzea eta aberastasunaren banaketa zuzena bermatzea, patronalaren betoaren edo blokeo instituzionalen mende egongo ez dena, eta are gutxiago Madrilen hartzen diren erabakien mende. Datorren astearteko greba orokorra Euskal Herriak bere lan-baldintzen gainean erabaki behar duela berresteko aukera da, ongizate erreala eta gehiengoaren zerbitzura egongo den eredu sozioekonomikoa ziurtatzekoa. Hori dela eta, EH Bilduk bat egiten du soldata duinen aldeko borrokarekin, ziur baikaude mobilizazio soziala dela, historikoki izan den bezala, egungo bizitzaren garestitzeari aurre egiteko beharrezkoak diren eskubideak konkistatzeko gakoa.