AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-06-28

Pello Otxandiano oposizioko burua elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Euskadin. Imanol Pradales Lehendakariak Eusko Legebiltzarreko gainerako indar politikoekin iragarritako erronda dela eta, Lehendakariarekin elkarrizketa izatea espero duela esan du, «hauteskundeetatik zintzilik duguna». «Ziurgabetasun egoera bizi dugu, eta hurrengo 4 urteetarako bakoitzaren aurre-jarrera zein den hitz egin behar dugu. Gure herriak pizgarri bat behar du, eta pilak jarri behar ditugu zentzu askotan», erantzun du. 

Estatus politiko berri bat lortzeko beharra azpimarratu du Otxandianok. «Legealdi honetako gai nagusiak estatus politikoa izan behar du. 3 legealdi daramatzagu biribilgune batean, eta uste dut tokatzen dela gaiari heltzea. Estatuaren aldetik esku-sartze bat egon da hamarkadetan, eta autogobernu gastatu batekin iritsi gara», nabarmendu du. EH Bilduko bozeramailearen iritziz, «transferentziak bete behar dira, baina, paraleloan, estatuarekin dugun harremanari buruzko eztabaida egin behar dugu. Autogobernuaren gai kualitatiboa da hau. Aldebikotasuna eta berme sistema eraginkorra izan behar dugu, estatuaren aldetik izan diren esku-sartzeak gerta ez daitezen».

Ildo horretan, estatus politikoari buruzko eztabaida Legebiltzarrean egin behar dela azpimarratu du Otxandianok, eta «mugarik gabekoa izan behar du». «Eztabaida ezin da egin PSEk finkatzen dituen baldintzetan. Ezin da betorik egon. Mugarik gabeko eztabaida izan behar du», esan du.

EH Bilduren beste kezka nagusietako bat Osakidetzaren egoera da. «Arazo larria dugu Osakidetzan. Duela hilabete gutxira arte oposizioak bakarrik esaten zuen arazo bat dugula Osakidetzarekin. Gaur egun inork ez du ukatzen. Berri ona da eragile guztiok horri buruz mahai baten inguruan hitz egitea. Denok jarri beharko dugu pixka bat gure partetik, eta leku komun bat aurkitu. Gure prestutasuna erabatekoa da», adierazi du Otxandianok.