Sektore publikoak lidergoa hartzeko beharra duela nabarmendu du Pello Otxandiano Eusko Legebitzarreko EH Bilduren buruak Naiz irratian egin dioten elkarrizketan. «Politika neoliberalek porrot egin dute. Garai historiko honetan sektore publikoa ezin da merkatuaren esku utzi. Eta Imazek planteatzen du politika neoliberalekin jarraitzea», adierazi du. Zentzu horretan, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak argitaratu duen artikuluari erreferentzia eginez, artikulua «demagogia ariketa» dela esan du Otxandianok. «Horrelako enpresak mozkin errekorrak izaten ari dira. Kutxabankek ere, behin zerga ordainduta, irabazi errekorrak izan zituen. PNVk konektatu beharko luke Europan gero eta ozenago entzuten diren ahots berriekin».
Zerga erreformarekin jarraituz, Legebitzarreko bozeramailearen iritziz, «zerbitzu publikoak mantentzeko diru-sarrerak handitu behar dira». «EAJ eta PSEri eskatzen ari garen bakarra da negoziatzeko, Gipuzkoan eta Araban gehiengorik ez dutelako, besteak beste», ohartarazi du.
Mahai gainean den beste negoziazioa aurrekontuena da eta EH Bilduk eginiko proposamen globalaz galdetuta erantzunik ez dutela jaso baieztatu du Otxandianok. «EAJ eta PSEren aldetik ez dugu erantzunik jaso aurrekontuen eskaintzari. Gutxienekoa litzateke elkarrizketari bidea ematea. Dena dela, aurrekontuak eztabaidatuko dira eta guk herri ikuspegiarekin egingo dugu».
Herritarren artean kezka eragiten duen etxebizitzaren gaia ere hizpide izan dute elkarrizketan. Otxandianoren esanetan, «emergentzia habitazional egoeran gaude. Duela 10 urte onartutako Etxebizitza Legeak erreforma behar du. EAJk dio eskaintza zabaldu behar dela. Baina hori ez da nahikoa. Merkatuaren joko-arauak aldatu behar dira hemen. Sektore publikoak esku-hartu behar du, egoera aldatzeko».