AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-10-01

EH Bilduk EAJri eskatu dio bihar Madrilen eztabaidatuko diren etxebizitzaren inguruko bi dekretuen alde bozka dezala, gaur egungo etxebizitza larrialdiari erantzuteko beharrezko tresnak direlakoan. Nerea Kortajarena EH Bilduren Programa idazkari eta Donostiako alkategaiak adierazi duenez, “uneak arduraz eta erantzukizunez jokatzeko eskatzen du, eta egoera honetan abstentzioa ez da nahikoa”.

“Emergentzia habitazional betean gaude. Milaka herritarrek zailtasun handiak dituzte etxebizitza eskuratzeko, eta egoera horrek politika publiko ausartak eta erabaki argiak eskatzen ditu. Horregatik, EAJri eskatzen diogu bi dekretuen alde bozka dezala, inolako aitzakiarik edo ke-kortinarik gabe”, adierazi du Kortajarenak.

EH Bilduren ustez, dekretuetan jasotzen diren neurriak Europako beste hainbat herrialdetan arrakastaz erabiltzen ari diren tresnak dira. Horien artean dago epe luzeko alokairu-kontratuen figura. “Alemanian, Austrian, Suedian edo Herbehereetan aplikatzen ari diren neurriak dira”, azaldu du.

Ezker subiranistak nabarmendu du dekretuek ez dutela etxejabe txikien aurkako neurririk jasotzen. “Neurri hauek espekulazioari aurre egiteko diseinatu dira. Etxejabe txikiek dagoeneko badituzte babes mekanismoak Jaurlaritzaren eskutik, besteak beste, Bizigune programaren bidez. Hogei urte baino gehiago dira programa hori martxan dagoela, eta etxebizitza alokairuan jartzeko bermeak eskaintzen ditu”, gogorarazi du Kortajarenak.

Bestalde, EH Bilduk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osorik gune tentsionatu izendatzeko eskaria egingo duela iragarri du. Horretarako, Jaurlaritzari beharrezko tramitazio guztiak abiatzeko eskatu dio, Nafarroako Gobernuak egindako bideari jarraituz.

“Dekretuak onartzen badira, bertan jasotako tresna guztiak Euskal Herrian aplikatzeko aukera izan behar dugu”, azaldu du EH Bilduko ordezkariak.

Era berean, Kortajarenak azken asteotan Vienako etxebizitza eredua ezagutzeko izandako aukerari erreferentzia egin dio. “Askotan entzun dugu Euskal Herria Hegoaldeko Viena izan daitekeela. Baina hori ez da adierazpen hutsen bidez lortuko; politika publiko sendo, koherente eta ausarten bidez baizik”, esan dio Denos Itxaso Etxebizitza sailburuari.

EH Bilduren iritziz, horretarako ezinbestekoa da etxebizitza publikoaren parkea nabarmen handitzea eta epe luzerako estrategia sendo bat martxan jartzea. “Benetan Vienako eredutik ikasi nahi badugu, lehentasuna etxebizitza publikoaren eskaintza handitzea izan behar da. Horretarako lankidetzarako espazioak irekitzen badira, gu hor egongo gara”, amaitu du Kortajarenak.