AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-10-01

EH Bildu pozik agertu da EAJk eta PSEk bere jatorrizko proposamena aintzat hartu eta Legebiltzarrak Loiuko aireportuari Jose Antonio Agirre lehendakariaren izena jartzea onartu izanaz. Pello Otxandianok adierazi duenez, Agirreren erreferentzia historikoa mahai gainean jarrita, EH Bilduk “memoriaz hitz egin nahi du, baina, batez ere, memoria horrek orainaldirako eta etorkizunerako izan dezakeen esanahi politikoaz”, alegia, “une historikoaren larritasuna ulertzeko eta erantzukizun politikoa interes partikularren gainetik kokatzeko” Agirre lehendakariak izan zuen gaitasuna.

EH Bilduko bozeramaileak Pradales lehendakariaren hitzak ekarri ditu gogora, PPren eta Voxen eskutik garai ilunak etor daitezkeela ohartarazi baitu Pradalesek, bai eta Agirreren ondarea aldarrikatu ere. Otxandianoren iritziz, baina, “arrisku bat dago Agirreri buruz mintzatzen garenean, iraganeko figura hutsa bihurtzeko arriskua, hain zuzen, eta EH Bildun ez dugu Agirre aldarrikatzen 1936ra itzultzeko, 2036ra begiratzeko baizik”.

Izan ere, “demokrazia defendatzea, mehatxupean dagoenean; desberdinen artean lankidetzarako espazioak eraikitzea; autogobernua herri honen bizi-baldintzak hobetzeko eta etorkizuna gobernatzeko tresna gisa ulertzea; munduari irekita egotea, eta une historiko bakoitzak eskatzen duen erantzukizuna norberaren interes partikularren gainetik jartzea. Horixe da Agirreren ondaretik gaur ere irakur daitekeen jokabide politikoa”.

1936ko egoerarekin paralelismo artifizialik egin gabe, une historiko honetan, aro aldaketa baten erdian, Euskal Herriak aurrean dituen arriskuak eta erronkak azpimarratu ditu Otxandianok. “Gure belaunaldiari ez zaio lehen Eusko Jaurlaritza sortzea egokitu, guri beste zerbait egokitu zaigu: demokrazia botere teknologiko berrien aurrean indartzea, trantsizio ekologikoa sozialki bidezkoa egitea, etxebizitzaren eta zaintzaren krisiari erantzun berdinzale bat ematea, gerraren eta konfrontazioaren logikaren aurrean bakearen kultura defendatzea, gero eta anitzagoa den gizarte batean komunitate politiko sendo bat eraikitzea eta autogobernua datorren mundua gobernatzeko behar diren gaitasunez hornitzea. Hori da gure garaia, gure ardura, eta hortik begiratuta ulertzen dugu Agirreren erreferentzia”.

Horregatik proposatu zuen EH Bilduk Loiuko aireportuari Agirre lehendakariaren izena jartzea, “izendapen publiko batek, bere horretan, gizarte bat aldatzen ez duen arren, bai adieraz dezakeela zein nolako erreferentziak aintzat hartu nahi dituen gizarte horrek eta zein nolako kontakizun instituzionala proiektatu nahi duen mundura”.