AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-17

Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan EH Bilduko lehendakari izateko hautagaiak ETB 2ko hauteskunde-eztabaidan parte hartu du, apirilaren 21eko hauteskundeetara aurkezten diren gainerako zazpi hautagaiekin batera.

Lehenengo multzoan, hiru lurraldeen egoera ekonomikoarekin eta industria-politikarekin lotutakoa, Pello Otxandianok azpimarratu du «azterketa zorrotza egitea eta erreferentziako eskualde europarrekin alderatzea» garrantzitsua dela. «Ekonomia deskarbonizatu eta digitalerantz goaz. Gure ekoizpen-sarean eragina izango duen eraldaketa handi batean murgilduta gaude», adierazi du. Otxandioren hitzetan, «inork ez du egoera katastrofikorik planteatzen, baina datu ekonomiko kezkagarriak daude. Erreakzioa behar da, industria-politika ekintzaile batetik abiatuta, eta horretarako Eusko Jaurlaritzaren aldetik industria-politika aktibo bat behar dugu». Puntu horretan, Otxandiano Lehendakarigaik, EAJko Imanol Pradalesi egungo politika ekonomiko eredua aurpegiratu dio: «zuk hemen defendatzen duzun liberalismoa, liburu-liberalismo bat da, Europako liberalek ere jada aplikatzen ez dutena. Sektore publikotik sustatuta eta gidatuta bultzada behar da», eta, horren harirda, EH Bildutik planteatzen diren politikak «abangoardiakoak» direla baieztatu du. «Balio erantsi handiko industria-ekonomia nahi dugu, lurraldean errotua. Gaur egun, industria-politika proaktiboa egin dezake sektore publikoak», azpimarratu du. Helburu horrekin, esku luzatu die gainerako taldeei lankidetzan aritzeko.

Zerbitzu publikoen egoerari dagokionez, «gaur egun inork ez du zalantzan jartzen Osakidetzan arazo bat dugula eta etxebizitzarako eskubide subjektiboa gauzatu behar dela», esan du Otxandianok; eta horren ildotik, zubiak eraikitzera deitu ditu alderdiak eta berriz ere Osakidetza zutik jartzera. «Osakidetza zutik jartzeko ardatz nagusiak identifikatu behar ditugu», azpimarratu du. Otxandioren iritziz, zaila da konponbideetarantz aurrera egitea erantzunkizunak onartu ez direnean. «Orain proposatzen den hau guztia, zergatik ez da gobernutik martxan ezarri azken 8 urteetan?», galdetu dio Otxandianok Pradalesi. «Profesionalei entzun dienak badaki Osakidetza hondatzen ari dela. Arazoa ukatzea eta erantzukizunik ez hartzea ez da politika ona. Ezin dira promesak egin, erantzukizunak izan diren momentueetan bete ez direnak» esan du. 
 


Subiranotasunari eta autogobernuari zuzendutako blokean, Otxandianok gainerako indarrei dei egin die EH Bilduren eta EAJren artean eta, neurri batean, ezker konfederalarekin ere, estatus politiko berri baterako oinarriei buruz lortutako akordioari berriro heltzeko. «Estatuarekin aldebiko harreman berri bat lortzeko aukera dugu, nazio gisa onartuak izateakoak. Estatus politiko berri bat behar dugu, gaur egungo erronken aurrean palanka eta eralketarako-tresna izango dena», defendatu du. Otxandioren ustez, «bi oinarriri buruzko akordioa lortzeko aukera dago: erabakitzeko eskubidea duen nazioa garela». Hala ere, Eneko Anduezak, PSE-EEko hautagaiak, estatus politiko berriaren helburuei dagokienez egindako erasoen aurrean, EH Bilduren hautagaiak eskatu du «herri-agintaritzari errespetua merezi zaiola», eta gogorarazi dio «hurrengo parlamentua oso abertzalea eta subiranista izango dela, eta gehiengo batek eskubide demokratiko bat eskatuko duela: erabakitzeko eskubidea».

Amaitzeko, Pello Otxandianok azpimarratu du «gizartea aldatzeko irrikaz dagoela, XXI. mendeko politikak ezarriko dituen eta leihoak irekiko dituen Eusko Jaurlaritza bat behar dugula». Hauteskundeen ondoko itun eta aliantzei buruz galdetuta, argi utzi du koalizioaren jarrera: «EH Bilduk hauteskundeak irabazten baditu, EAJri deituko diot, PSEri eta ezker konfederalari, herri-mandatua betearazteko. Izan ere, gaur egun, herrialde horretako gobernuek ez dituzte herritarren nahiak batzen, interes alderdikoiak batzen dituzte». Hain zuzen ere, Otxandianok lankidetza politikorako esku luzatu du, gehiengo ezkertiarra eta subiranista izango duen parlamentu baten aurrean. «Herrialde hau ezin da gobernatu gehiengo absolutuarekin, ezta ultraeskuinaren laguntza behar duten koalizio baztertzaileekin ere».