EH Bilduk ekitaldia egin du gaur goizean Donostiako Miramongo Parke Teknologikoko Elkartegian, Maddalen Iriarte Gipuzkoako diputatu nagusigaiaren eta Nerea Kortajarena Donostiako alkategaiaren proposamenak aurkezteko. Ekitaldian Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak ere parte hartu du, eta azaroaren 29ko hauteskundeen garrantzia nabarmendu du.
Mertxe Aizpurua: “Eskuin muturrari irabaztea posible da”
Mertxe Aizpuruak azpimarratu du azaroaren 29ko hauteskundeak aukera direla eskubideak eta askatasunak defendatzeko, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.
“Azaroaren 29an partida dago. Eskuin muturrari irabaztea posible da. Partida dago eta jokatuko dugu. Eta, gainera, irabazi egingo dugu”, adierazi du.
Aizpuruaren hitzetan, «partida hau irabaziko dugu herri honek merezi duelako, jendeak merezi duelako. Eskubide eta askatasun gehiagoren alde borrokatzeak merezi duelako. Euskal Herria defendatuko dugulako».
Horretarako, mobilizazio soziala eta parte-hartze politikoa uztartzearen garrantzia nabarmendu du, azaroaren 11ko greba orokorrari, hilaren 14an Bilbon egingo den mobilizazioari eta azaroaren 29ko hauteskundeei erreferentzia eginez. “Gure amaren etxea defendatuko dugu!”, esan du.
Maddalen Iriarte: “Proiektu partekatu batean oinarritutako gobernagarritasun-akordio zabala eskaintzen dugu”
Maddalen Iriartek ziurgabetasun garai honetan herritarren beharrei erantzungo dieten politikak eta gobernatzeko modu berriak aldarrikatu ditu. Haren esanetan, herritarren bizi-baldintzak hobetzea izan behar da politikaren helburu nagusia.
“Gu herritarrekin konprometituta gaude, politikan herritarren bizitzak hobetzeko gaudelako. Ez dugu beste asmo eta nahirik!”, adierazi du.
Iriartek azaldu du egungo egoerak gobernatzeko eredu zaharkituak gainditzea eskatzen duela, eta EH Bilduk udalerri askotan garatzen duen eredua herrialde osora zabaltzeko borondatea duela. Horretarako, edukietan oinarritutako akordioak eta elkarlana jarri ditu erdigunean.
“Elkarlana eta akordioak bitarteko direla ulertzen dugu, jendearen bizitzak hobetzeko”, esan du.
Ildo horretan, Iriartek Gipuzkoako herritarrei eta eragile politikoei gobernagarritasun-akordio zabal bat egiteko proposamena egin die, hauteskundeen emaitzak ezagutu aurretik ere.
“Orain eta hemen, hauteskundeak egin aurretik, emaitzak ezagutu aurretik, proiektu partekatu batean oinarritutako gobernagarritasun-akordio zabala eskaintzen dut. Lurralde honi eta herri honi herritarrek egunero erakusten diguten mailaren tamainako erantzuna emateko akordioa eskaintzen dut”, azaldu du.
Nerea Kortajarena: “Donostian bizi ahal izatea bermatu nahi dugu”
Nerea Kortajarenak Donostia bizitzeko hiria izatearen beharra jarri du erdigunean, eta etxebizitza eskuragarria bermatzea lehentasunezko helburutzat jo du.
“Arima duen Donostia berreskuratu nahi dugu, bere esentzia. Eta berreskuratu nahi dugu Donostian bizi ahal izatea, bizi-proiektu bat izan ahal izatea”, adierazi du.
Kortajarenak salatu du etxebizitzaren garestitzeak eta egungo politikek herritar askori beren auzoetan bizitzen jarraitzea eragozten dietela. Horregatik, argi adierazi du: “Etxebizitza eskuragarria bermatzeko ere izan nahi dut alkate”.
Donostian etxegabetzeak eta etxebizitzaren merkatuan espekulazioarekin lotutako arazoak daudela gogorarazi du, eta azken urteetako hirigintza- eta etxebizitza-politikak kritikatu ditu. Bere esanetan, etxebizitza-larrialdiaren atzean pertsonen eta familien bizipenak daude: “Bizi dugun etxebizitza-larrialdiaren atzean beren auzoan bizi nahi eta ezin dutenen historiak daude. Nire alabarena, zuen seme-alabena, zuena…”.
Donostiaren etorkizunari buruzko eztabaidan, Kortajarenak zalantzan jarri du orain hiria bizitzeko toki gisa defendatzen dutenen sinesgarritasuna, azken hamar urteetako etxebizitza-politikaren norabidea kritikatuz.
“Hamar urtetan etxebizitza-politika egin beharrean, politika inmobiliarioa egiten aritu dira; etxebizitzarekin negozioa egitera etorritako putreei alfonbra gorria jarri zaie, eta gutxi batzuen interesak herritarren interesen gainetik jarri dira. Orain salbatzaile gisa agertzen dira, baina ez dute sinesgarritasunik”, adierazi du.
EH Bilduk, horren aurrean, Donostian bizitzeko aukera bermatuko duen eredua aldarrikatu du, etxebizitza herritarren eskubide gisa hartuko duena eta herritarren beharrak hirigintzako eta ekonomiako interes partikularren gainetik jarriko dituena.