EH Bilduk azaroaren 14an Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei, ‘Badatorren Euskal Herria defendatu’ lelopean. Bilboko Plaza Eliptikoan egindako agerraldian, Arkaitz Rodriguez EH Bilduren Ekintza Politikoko idazkariak adierazi duenez, “herri honetan badago nahikoa indar bloke erreakzionarioa geldiarazteko” eta “Euskal Herriak behar duen jauzi nazional eta soziala egiteko”.
Rodriguezek Carlton hotelaren aurrean egin ditu adierazpenak, Eusko Jaurlaritzaren lehen egoitza izan zen tokian, 1936ko belaunaldiari omen egiteko eta haren konpromisoa berresteko. “Gaur hemen bildu gara, belaunaldi hari omen egiteko eta herri honekin eta bertako herritarrekin hartu zuen konpromisoa berresteko eta geure egiteko”, azaldu du.
EH Bilduren Ekintza Politikoko idazkariaren hitzetan, “salbuespenezko egoera bizi dugu”. Haren esanetan, gaur egungoa ez da 1936ko egoera bera, baina “eskubideak murriztu, herriak ukatu eta autoritarismoa nagusitu nahi duen oldarraldia dugu aurrean”.
Rodriguezek ohartarazi du bloke erreakzionarioak aurrera eginez gero emakumeek, langileek, gazteek, pentsiodunek, migratzaileek eta herriek galduko dutela. Euskal Herriari dagokionez, autogobernua, erakundeak eta euskara ere jomugan izango dituztela adierazi du.
Horren aurrean, EH Bilduren konpromisoa berretsi du: “EH Bilduk bere esku dagoen guztia egingo du hori eragozteko. Kalean eta hautetsontzietan. Hemen, eta Estatuko gainerako herriekin batera”. Aldi berean, “bloke erreakzionarioari atea ixtearekin batera, Euskal Herriari bidea ireki” nahi diola azpimarratu du.
Rodriguezek defendatu du EH Bilduk bestelako Euskal Herria eraikitzeko proposamena duela: etxebizitza eskubidea bermatuko duena, gazteei beren bizitza eraikitzeko aukera emango diena, soldata eta pentsio duinak izango dituena eta zerbitzu publiko sendoak nahiz zaintza-sistema publikoa indartuko dituena. Halaber, emakumeak aske biziko diren, euskaraz biziko den eta bere etorkizunaren jabe izango den herria aldarrikatu du.
“Eta bide hori egiteko indarra badugu”, adierazi du. Ildo horretan, emakumeen mobilizazioak, pentsiodunen borrokak eta Palestinaren aldeko elkartasuna jarri ditu herriaren antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasunaren adibide gisa.
“Herri honek badaki elkartzen, antolatzen eta borrokatzen”, esan du Rodriguezek. Horregatik, indar hori guztia biltzeko beharra nabarmendu du, bai kalean, bai hautetsontzietan.
Duela 90 urte Bilbo defendatzeko altxatutako Burdin Hesia ekarri du gogora, eta gaur egungo erronkari aurre egiteko “borondatez, militantziaz eta konpromisoz osatutako hesia” altxatzeko deia egin du. Haren hitzetan, “konpromisoa, antolakuntza eta borroka direlako gakoa”.
EH Bilduk mobilizazioan parte hartzera deitu ditu etxegabetzeen aurrean sumindu direnak, greba feministetan parte hartu dutenak, pentsio duinen alde mobilizatu direnak, Palestinaren alde ahotsa altxatu dutenak, euskaraz bizi nahi dutenak eta Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea defendatzen dutenak. Halaber, beren seme-alaben etorkizunagatik kezkatuta dauden herritarrei ere zuzendu zaie.
“Askoz gehiago gara. Indartsuagoak gara. Elkarrekin gaude. Eta unea da orain», adierazi du Rodriguezek. Horrenbestez, dei zuzena egin du: «Azaroaren 14an, indar hori guztia Bilboko kaleetan elkartu behar dugu”.
Banderak astintzearen esanahia ere azaldu du, askatasun nazionalaren, feminismoaren, sozialismoaren eta duintasun nazional zein sozialaren aldeko konpromisoaren ikur gisa. Rodriguezek gogorarazi du egungo eskubideak antolakuntzari eta borrokari esker lortu direla: “Gaur egun ditugun eskubide guztiak, guzti-guztiak, antolakuntzari, mobilizazioari, konpromisoari eta borrokari esker lortu ditugu”.
Horregatik, grebarako eskubidea deslegitimatu eta kriminalizatu nahi dutenei erantzunez, honako hau azpimarratu du: “Borrokatzea zilegi dela, baina, batez ere, borrokatzeak merezi duela». Eta, bere hitzetan, «galtzen den borroka bakarra bertan behera uzten dena da”.
Rodriguezek hiru baieztapen nagusi nabarmendu ditu agerraldian: EH Bilduk bloke erreakzionarioaren aurrerabidea eragozteko bere esku dagoen guztia egingo duela; Euskal Herrian badagoela horretarako eta jauzi nazional eta soziala egiteko nahikoa indar; eta borroka irabaz daitekeela.
“Horregatik, ozen eta argi diogu: borroka hau irabaz daiteke. Are gehiago: irabazi egingo dugu”, adierazi du.
Azkenik, Plaza Eliptikoaren esanahi historikoari erreferentzia egin dio. Frankismo garaian Moyúa izena ezarri ziotela gogorarazi du, eta plaza honen herri-izena berreskuratzeko herriaren konpromisoak eta borrokak izan duten garrantzia nabarmendu du.
Agerraldia amaitzeko, Rodriguezek honako mezu hau helarazi die frankismoaren oinordekotzat jotzen dituen indar politikoei eta autoritarioei: “1937an pasa zineten, bai. Baina 90 urte geroago, hemen gaude, bandera eta amets berekin. Eta hemen jarraituko dugu, aske eta berdinen Euskal Errepublika lortu arte”.