AKTUALITATEA

Nazioartea | 2026-10-13

The Left Europako Parlamentuko ezkerreko taldeak antolatuta, EH Bilduk, Syrizak (Grezia) eta Enhedslistenek (Danimarka) mahai-inguru bat egin dute, gaur goizean, Bruselan, Europako Parlamentuan, Left Municipalism at the Forefront: Improving People’s Living Standards through Progressive Local Governance izenburupean. Europako ezkerreko udal ordezkarien arteko esperientziak, erronkak eta jardunbide egokiak partekatu dituzte, tokiko gobernantza aurrerakoiaren bidez herritarren bizi baldintzak hobetzeko bideak aztertzeko helburuarekin.

Topaketan Euskal Herriko, Greziako eta Danimarkako hainbat udal ordezkarik hartu dute parte. Euskal Herriaren izenean, Garbiñe Bueno Iruñeko alkateordeak, Xabier Alkuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari eta Tafallako alkateak, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak eta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak parte hartu dute. Era berean, Euskal Herritik joandako hainbat alkate eta udal hautetsi izan dira; besteak beste, Arrasate, Oñati, Ondarroa, Abadiño, Mundaka eta Sopelako alkateak eta Bilboko EH Bilduren alkategaia. Greziatik, Haris Doukas Atenasko alkatea eta Maria Kamma Tilos uharteko alkatea izan dira; Danimarkatik, berriz, Lasse Olsen Aalborg hiriko zinegotzia.

Mahai-inguruak ikuspegi ezkertiar eta aurrerakoi batetik aztertu du nola erantzun diezaieketen udalek herritarren eguneroko kezka eta behar nagusiei. Besteak beste, etxebizitza larrialdia, trantsizio ekologikoa, migrazioa, hirigintza, zerbitzu publikoak eta gizarte-inklusioa izan dituzte hizpide, tokiko politikek herritarren bizi baldintzak hobetzeko duten garrantzia ardatz hartuta.

“Zer eginik ez dagoela eta dena galduta dagoela dioten mezu katastrofisten aurrean, munizipalismotik gauzak alda daitezkeela nabarmendu dugu. Politika egiteko beste modu bat dugu, gure udalerrietako biztanleen bizi kalitatea hobetzera bideratutako beste politika publiko batzuk”, azaldu du Xabier Alkuazek.

Saioak izaera interaktiboa izan du, eta udalerri bakoitzeko esperientziak eta neurri zehatzak alderatzeko aukera eskaini du. Modu horretara, erronka amankomunak identifikatu dituzte, tokian tokiko esperientzietatik ikasi dute eta politika publiko bidezkoagoak, inklusiboagoak eta aurrerakoiagoak garatzeko jardunbide egokiak trukatu dituzte. Era berean, herritarren beharrei erantzuteko tokiko gobernuen rola eta erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia jarri dira mahai gainean.

EH Bildurentzat, Bruselako topaketa aukera bat izan da Europako ezkerreko indar eta udal ordezkarien arteko elkarrizketa eta lankidetza indartzeko, tokiko gobernantza eraldaketarako tresna gisa ulertuta. Izan ere, udalerriak funtsezko eremuak dira eskubideak bermatzeko, desberdintasunei aurre egiteko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko politika publikoak garatzeko.

 

Udal hautetsi aurrerakoien nazioarteko topaketa Iruñean

Ildo horretan, Pernando Barrena EH Bilduren europarlamentariak funtsezkotzat jo du udalen lana Euskal Herrian eta Europa osoan ultraeskuinaren eta autoritarismoaren aurrean ezkerra jokatzen ari den partida irabazteko. “Udaletatik egiten den lanak izugarrizko garrantzia dauka, bai etxebizitzaren arazoari aurre egiteko eta baita zerbitzu publikoak eta kalitatezkoak eskaintzeko ere. Autoritarismoaren gorakadaren aurrean ezin dugu etsipenean erori. Partida irabaztea lortuko dugu”.

Bruselako hitzordua, gainera, urriaren 23an eta 24an Iruñeko Baluarten egingo den udal hautetsi aurrerakoien nazioarteko topaketaren abiapuntua izan da. Europako ezkerreko udal esperientziak elkartzeko, ezagutza partekatzeko eta tokiko politikagintzan alternatiba aurrerakoiak sustatzeko parada emango du EH Bilduk eta European Left Alliancek (ELA), European Free Alliancekin (EFA) elkarlanean, antolatutako topaketak.

Europako ehun udal ordezkari baino gehiago elkartuko dira. ‘Herriek lidergoa hartu - Locals Take the Lead’ lelopean, nazioartetik etorritako dozenaka hiri eta udalerritako alkate, zinegotzi eta udal ordezkariek hartuko dute parte tokiko gobernu aurrerakoien arteko lankidetza sustatzeko helburuarekin.