Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko burua Euskadi Irratian elkarrizketatu dute eta zerga erreformaren eztabaidaren egoeraz galdetu diote bertan. «Bertso txikitan ari gara. Egiazko erreforma fiskalaz eztabaidatu behar dugu, zer nolako erreforma egin behar dugun nahikotasun finantzieroa lortzeko. Erronka demografikoa sustengatzeko zerga erreforma behar da», azpimarratu du Otxandiano eta anbizio gehiago izango duen zerga erreforma bat negoziatzeko aukerak badaudela adierazi du bertan bozeramaileak. «Orain aukera baten aurrean gaude. Hasierako laukitxora bueltatzen gara. EAJk eta PSEk behar dute babesa Gipuzkoan eta Araban. Behar dute negoziatu eta zer egin nahi duten erabaki. Gu prest gaude hitz egiteko», esan du.
Jaurlaritzak iragarri berri duen funts subiranoari buruz ere galdegin diote Otxandianori eta proposamena egokitzat eman duen arren, bidean denbora galdu dela salatu du. «Funts subirano bera aurreko legealdian planteatu genuenean, Arantza Tapiak erantzun zigun komunismoa zela. Denbora asko galdu dugu eta oraindik ere letra xehea ezagutzea falta zaigu».
Abiadura Handiko Trenaren eta honek izan beharko lituzkeen loturen polemika ere hizpide izan dute elkarrizketan. «Trena azpiegitura estrategikoa bada, zertan ari gara oinarritzen eztabaida? Lurralde interesetan, herri interesetan beharrean. Klima larrialdia eta egoera ekonomikoa kontutan hartuta, badaude alternatiba jasangarriagoak eta funtzionalagoak», baieztatu du Otxandianok.