AKTUALITATEA

| 2026-01-04

Igor Zulaika: 

Trumpek bere Segurtasun Nazionaleko plan inperialista jarri du martxan. Estrategia horrek nazioarteko zuzenbidea urratzen du eta araurik gabeko mundu bat indartzen du, non boteretsuek, milioidunek eta inperialistek bakarrik irabaziko duten.

Venezuelaren subiranotasunaren aurkako erasoa, injerentzia eta Nicolas Maduro presidentearen bahiketa onartezinak dira eta gure gaitzespen osoa merezi dute.

Aldi berean, euskal herritarrei ohartarazi nahi diegu Trumpen azken helburua ez dela bakea, ez demokrazia, ezta herrien askatasuna ere. Bere benetako helburua munduaren kontrola lortzea da.

Trumpek idatziz adierazi du prest dagoela Europako hauteskundeetan eskuin-muturraren alde esku hartzeko. Ongi dakigu horrek zer esan nahi duen Espainiako eta Frantziako Estatuetan.

Euskal Herriak eta euskal ezker independentistak bakearen, burujabetzaren eta herrien autodeterminazioaren alde egon nahi dute gaur. Inperialismo Trumpistaren aurrean jarrera irmoa mantentzea munduan zehar dabilen olatu autoritarioari aurre egitea da, euskaldunentzat ere arriskutsua baita.