EH Bilduko Harreman Politikoen idazkari eta Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietari elkarrizketa egin diote gaur goizean Naiz Irratian. Bertan, Venezuelaren aurkako eraso inperialista salatu du senatariak: «Trumpek lotsarik gabe adierazi du petrolioa kontrolatzeko sartu dela Venezuelara. Nazioarteko erakundeak krisi larrian daude eta ezintasunak dituzte gatazkak eragozteko eta konpontzeko. Nor egon daiteke AEBek Venezuelan egin duten kanpo injerentzia eta eraso inperialistaren alde?».
«Bakea, autodeterminazio eskubidea eta herrien arteko harremanetan berdintasuna irmo defendatu beharreko printzipio ukaezinak dira. Armagintzara bideratutako aurrekontua handitzen ari da, bakerako eta diplomaziarako aurrekontua txikitu den bitartean. Gerrak eta gatazkak areagotu egin dira» adierazi du Elejabarrietak.
Madrilgo testuinguru politikoaz galdetuta, bozeramailearen esanetan, «EH Bildutik ez dugu espekulatzen. Zailtasunak zailtasun, aukera leihoak irekita jarraitzen duen bitartean euskal herritarren eskubide eta interesen alde lanean jarraituko dugu Madrilen, ahalik eta aurrerapauso gehien lortzeko. Ultraeskuina geldiaraztea jada ez da nahikoa. Gobernuak xede bat behar du».
Datorren larunbatean Sarek Bilbon deitu duen mobilizazioa gogoan izan du bukatzeko Elejabarrietak. «Oraindik ere indarrean dauden salbuespen politikak baztertzeko eskatzen dugu, preso, iheslari eta deportatuen gaia modu integralean eta behin betiko konpontzeko. Legea betez gero, presoen afera konponduta legoke», aldarrikatu du.