AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-01-07

Arrazoi politikoengatik espetxean, erbestean edo deportazioan dauden euskal herritarren egoerak konpondu gabe jarraitzen duen honetan, EH Bildutik larunbatean Sare Herritarrak deituta Bilbon egingo den manifestazioan egongo dela aurreratzen du eta bertan parte hartzeko deia egiten die bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiten duten euskal herritarrei.

‘Ezin da gehiago luzatu’ urte honetako leloak adierazten duen moduan, oraindik orain, ehundik gora euskal herritarrek jarraitzen dute espetxeratuta eta beste 17 iheslari zein deportatu milaka kilometrotako urruntasunean barreiaturik.

Euskal jendarteak, azken urte hauetan, bide oparoa egin du elkarbizitza demokratikoaren norabidean eta gero eta gehiago dira etxerako bidea abiatu duten euskal preso zein erbesteratuak, baina oraindik agerikoa da salbuespenaren neurria ezartzen jarraitzen zaiela. Beraz, bidea egiten jarraitzea beste aukerarik ez dugu, salbuespen neurriak eten eta behin betiko preso, iheslari eta deportatuen errealitatearekin amaituz.

Elkarbizitza demokratiko batek, sufrimendu guztiekin amaitzearekin batera, biktima guztiek behar duten aitortzarekin batera, eskatzen du preso, iheslari eta deportatuen egoerari behin betiko konponbidea ematea, honek ere berebiziko ekarpena egingo liokeelako elkarbizitza iraunkor eta osasuntsu baten bidean.