AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-17

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Santurtzin. Hitza hartu dute Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak. Azken egunetan eztabaida politikoa lokazten ari dela ikusita, hautagaiak, ilusioa mantentzenara deitu ditu herritarrak «batzuen neurrigabeko erasoek aldaketa politikoari dioten beldurra erakusten dute. Baieztatu egiten dute aldaketa posible dela. Oztopoak oztopo, herri hau mugitzen ari da».

«Garaiotan motibo asko daude ezkorrak izateko, beldurra sentitzeko, ziurgabetasunak inguratzen gaituelako. Horregaitik da esperantzaren garaia, herri sena zabaltzekoa, komunitatea indartzekoa. Eta gu jada, bagara hori», adierazi du Otxandianok. Gogor agertu da Euskal Herriko politikagintza oztopatu nahi dutenen kontra, «Euskal Herrian hauteskunde batzuk hurbiltzen diren aldiro, Madrilen berezko diren politika egiteko moduak inportatzeko asmoa dago. Euskaldunok ez dugu behar gezurretan, deskalifikazioan eta norgehiagokan oinarritutako politikarik. Hau ez da Madrid, eta ez dugu hor jolastuko». Zentzu horretan, berriro ere, akordioetara deitu ditu indar politiko ezkerreko eta soberanistak, hori delakoan herritarrek eskatzen dutena. «Akordioari eta elkarlanari uko egitea arduragabekeria bat da, lankidetza-politika bat behar da herrialde hau egungo gizarte-erronken aurrean martxan jartzeko. Lokatzari, lasaitasunarekin eta jendearen zerbitzura dauden politikekin erantzuten jarraituko dugu», esan du. ​
 


Arnaldo Otegik ere, beldurrari irribarre batekin erantzun behar zaiola azpimarratu du eta galdera bat luzatu die herritarrei: «Norbaitek uste du orain arte gobernatu dutenek, egin dutenaz bestelako zerbait egingo dutela? Badakizue nortzuk diren ongizatearekin eta arlo publikoarekin jokatzen dutenak? Herritarrren eskubideak merkatuak bermatu behar dituela uste dutenak». Ildo horretan sakondu du hitzartzean eta argi adierazi «hemen abentura bakarra da prentsatzea gure etorkizuna elite ekonomikoen esku bakarrik izango dela bermatua. Gu ez gaude abentura horretarako prest!». Haren esanetan, «amets bat betetzen ari gara eta konpromisoa, militantzia, zintzotasuna eta egia beti garaile aterako dira Euskal Herrian».