Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko bozeramailea elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan eta larunbatean Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitutako ekitaldiaren eta euskarak behar duen jauziaren inguruan mintzatu da bertan. «Larunbatean aretoa beteta ikusteak erakusten du badagoela herri grina eta energia hizkuntza politika berri bat aurrera eramateko eta, Eusko Legebiltzarrean ere, indar harremanak sobera daude», adierazi du. Horren ildora, eta gobernuko kideen artean euskararen auziak sortzen dituen desadostasunez galdetuta, Otxandianok esan duenez, «EAJk erabaki behar du zenbateraino trasladatu nahi dizkion gobernuaren arazoak euskal hizkun komunitateari. Euskal gizarteak mandatu argia eman zuen: parlamentuan abertzaleak gara gehiengo absolutua eta, beraz, adostu dezagun normaltasunez hizkuntza politika berri bat».
Halaber, tranferentzia batzordearen bileraren atzerapena talmagarritzat jo dut eta estatus politiko berri baten beharrekin lotu. «Ultraeskuinaren proiektu autoritarioaren aurrean dagoen proiektu bakarra benetako estatu plurinazionala da eta, aitortza hori, bere ondorio guztiekin asumitu beharra dauka alderdi sozialistak, eratortzen diren eskubide guztien garapenarekin. Besteak beste, hemen nazioak baldin badaude, hizkuntza nazionalak daude», nabarmendu du.
Europa eta mundu mailan zabaltzen ari den eskuin muturraren gorakadaz ere mintzatu da. «Eskuineko olatu erreakzionarioa oldarraldi kultural oso bortitza da eta, horregatik, ez da ulergarria bloke horren parte den PPrekin akordioak zuritzea. Batzuk ari dira amesten PP gobernuan egotea, PSOEren abstentzioari esker. Guk argi dugu horrek ez duela aurrerapenik ekarriko Euskal Herriarentzat», esan du.
Bukatzeko, 2025 urtearen balantzea egin du bozeramaileak: «Titularretatik haratago, Gobernuaren oinarriak oso ahulak direla ikusi da gai estrategiko gehienetan. Euskal politikagintzak herri ikuspegi sendo bat irabazi beharko luke eta ez, interes elektoralen eta inkesten araberako, erabaki prezipitaturik hartu, ultraeskuinaren markoa indartzera datozenak».