AKTUALITATEA

| 2026-04-28

Asteburu honetan ospatu da Belfasten Ard Fheis, Sinn Feinen urteroko konferentzia. Gorka Elejabarrieta EH Bilduren Harremanetarako idazkari eta Senatuako bozeramailea bertan izan da gonbidatu gisa, eta Kubako Gobernuko eta Hegoafrikako ANC alderdiko ordezkariekin batera ‘Beste mundu bat posible da’ izenburuko mahai-inguruan parte hartu du. “Beste mundu bat eraikitzeko munduko indar aurrerakoien arteko elkarlanaren, nazioarteko elkartasunaren beharraz hitz egin dugu”, esan du Elejabarrietak.

Ard Fheis-aren jarduera publikoaz gain, Elejabarrietak egun hauek baliatu ditu Irlandako pertsona oso esanguratsuekin topaketak egiteko, eta bertan Irlandako herriaren eta Euskal Herriaren arteko “loturak estutzen” jarraitzeko aukera izan du. Hala, eta Dublinen, Elejabarrieta Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiarekin bildu da, 2011ko Aieteko Konferentzian parte hartu zuena eta Euskal Herriko bake prozesua oso gertutik jarraitu duena.

Era berean, EH Bildureb Harremanetarako idazkaria Mary Lou McDonald Sinn Féin alderdiko presidentearekin bildu da. “Egin behar dugun lanaren inguruan hitz egin, eztabaidatu, loturak estutu eta konspiratu ahal izan dugu, bai Irlanda batu bat lortzeko, bai Euskal Herriaren askatasuna lortzeko”. Elejabarrietak azpimarratu duenez, Irlanda eta Euskal Herria “belaunaldiz belaunaldi elkarrekin doazen bi herri dira, eta batera lan egiten jarraituko dute, askatasuna lortu arte”.