Carlos Garaikoetxea lehendakariaren bizitza emankorra eta eskuzabala gogoratu nahi dugu. Beste euskaldun askok bezala, frankismoaren heriotza hats jasangaitzetik Euskal Herria biziberritzeko erronkari heldu zion, bere konbikzioekiko leial. Eta konpromiso hori behin eta berriro berritu zuen, indar apurrak ere xahutu arte, beti egokien iritzi zion bidetik. Euskal Herriari zion maitasunak bultzatu zuen.
Horrela egin zion ekarpena EH Bilduk ordezkatzen duen subiranisten eta independentisten elkarguneari ere. Indar ezberdinen arteko akordioak eta aliantzak erdiesten hasi zirenean, erabakigarria izan zen haren babesa. Gaur beteko dira 15 urte Bilduk ilegalizazioaren mehatxua gainditu eta, Bilboko Areatzatik eta Iruñeko Udaletxe plazatik, bere ibilbidea hasi zuenetik. Garaikoetxeak esker ona baino ez du merezi abiarazitako fase politiko historikoan aurrera begiratzeagatik. Askatasunaren, abertzaleen arteko elkar-ulertzearen eta bakearen alde egindako lanagatik.
Lehen mailako figura politikoa da Garaikoetxea lehendakaria Euskal Herriko historian. Hilabete gutxi barru beteko dira 90 urte Jose Antonio Agirre lehen lehendakariak Gernikako Arbolaren ondoan karguaren zina egin zuenetik, denbora gutxira Gernika birrinduko zuen faxismoaren mehatxupean. Garaikoetxea Agirreren oinordeko zintzoa izan da, biek ordezkatzen baitute Euskal Herriaren askatasunaren alde indarrak batzeko ahalegin zintzoa. Betiko argia.