AKTUALITATEA

| 2025-11-14

Asteburu honetan burutuko den Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partidaz hitz egin du Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko buruak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. «Egun inportantea izango da biharkoa, poztekoa eta ospatzekoa. Biharko eguna elkarrekin ospatuko dugu. Bihar denok izango gara konsziente zer den inportantea eta zer mezu emango diogun munduari. Arduratsuak izango gara denok. Asko da elkartzen gaituena. Baketsua izan behar da, bakea aldarrikatuko dugulako bihar».

Eusko Legebiltzarrean EAJ eta PSE-EEk berriki atzera bota duten herri ekimen legegilearen inguruan, honakoa adierazi du bozeramaileak: «Amiantoaren Legearekin antzeko prozedura egin zen. Noski dela bideragarria herri ekimen legegilea. Honek eztabaida politikoaren degradazioara garamatza. Azken asteetan Espainian hain nagusi diren joeretan erortzera. Confebaskek ez du negoziatu nahi. Blokeoa gainditzeko bidea proposatu dute sindikatuek, baina aukera bat galdu zen atzo. Antidemokratikoa iruditzen zaigu herri ekimen legegile bat aintzat ez hartzea. Kultura politikoaren inguruan hausnarketa egin beharko genuke».

Halaber, aurrekontu negoziazioa martxan denean, Otxandianoren esanetan, «proposamen bakarra eramango diogu: etxebizitza publikoen promozioan eragin behar dela eta horretarako zorpetzea erabili behar dela. Etxebizitza parke publikoa handitzeko proposamena egingo dugu. Etxebizitza larrialdiari 10 urtean konponbidea emateko baliabideak baditu herri honek. 30.000 etxebizitza publiko eraiki ahal daitezke, eta dagoeneko eraikita dauden beste 30.000 etxebizitza erabili ahal izango lirateke».

«Esango diegu ea borondate errealik dagoen aurrekontuak gurekin negoziatzeko. Gure ustez, ez dauka borondaterik gurekin adosteko. Bestela, gauzak beste modu batera egingo lirateke. Ez daukate beharrik ere. Beraz, ez da drama bat. Egiten dugun proposamenak nekez izan dezake argudiorik kontra. Ez finantzieroak eta ez politikoak. Neurri estrukturala da etxebizitza parke ahalik eta sendoena izatea», azaldu du.