AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-07-20

Ekitaldi instituzionala egin zen Bergaran, foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena gogoratzeko. Omenaldian, 180 udalerri baino gehiagotako ordezkari instituzionalak eta EH Bilduko arduradun politikoak izan ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi idazkari nagusia.

Ekitaldian, Gorka Artola Bergarako alkateak eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak hartu zuten hitza, eta autogobernuaren, erakunde propioen eta memoria historikoaren balioa nabarmendu zuten.

Bere hitzaldian, Artolak adierazi zuen bi gertaera historikoek togobernuari buruz ari direla; “biak erakunde propioen balioari buruz; biak komunitate batek bere etorkizuna antolatzeko duen eskubideari buruz. Eta, azken batean, biak erantzukizunari buruz ari dira”.

1976ko Alkateen Mugimenduak egindako papera ere gogoratu zuen alkateak eta adierazi zuenez, “duela mende erdi Bergaran bildu ziren alkateek ere elkarlana lehenetsi zuten. Argi esan zuten Euskal Herriak bere nortasuna, historia eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea zuela”.

Egungo egoerari dagokionez, “euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du, hitzaren eta erabakiaren jabe” izan behar duela defendatu zuen eta gaineratu: «Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar du bere etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko».

Euskal nortasuna eta hizkuntza ere aipatu zituen Artolak. “Foruak abolitu arren, Espainiar eta Frantziar estatuek ez zuten Euskal Herria desegin. Oldarraldiak oldarraldi, oraindik euskaraz hitz egiten dugu eta euskaraz bizi gara. Gure hizkuntzak eta gure herriak bizirik dirautelako, memoria duelako eta bat izan ginelako, garelako eta izateko borondateari eusten diogulako”.

Bere hitzaldiaren azken zatian, parte hartzen duten erakundeek Euskal Herriaren etorkizun politikoarekiko duten konpromisoa adierazi zuen alkateak. “Konprometituta gaude Euskal Herriaren memoriarekin. Konprometituta gaude gure autogobernua garatu dadin. Eta konprometituta gaude gure nazio izaera aitortua izan dadin. Euskal herritarrok etorkizunaz libreki erabaki ahal izango dugun Euskal Herriaren aldekoa da gure konpromisoa”.

Ekitaldia autogobernuaren eta euskal herritarrek beren etorkizunari buruzko erabakietan parte hartzeko duten eskubidearen aldarrikapenarekin amaitu zen. Artolaren hitzetan, “iraganetik datorren askatasun nahia etorkizunera eraman nahi dugu. Foruek adierazi zuten autogobernu izpiritua egungo garaietara egokitzea eta nazio gisa behar ditugun tresna politikoetan islatzea nahi dugu”.