EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Gernikako Foruen Plazan. Bertan hitza hartu dute Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak eta Ima Garrastatxu Bizkaiko zerrendaburuak.
Otxandianoren esanetan, Gernikako Guggenheim proiektuarekin eta Hospitalearekin gertatutakoak «agortuta» dagoen politika baten paradigma dira. «Politika agortuaren paradigma, kudeaketa dekadentearen paradigma eta garapen sozial eta iraunkorreko eredu baten falta», zehaztu du lehendakarigaiak. «Ondorioz, herria blokeo egoera batean dago, interes alderdikoiak aurretik jartzeagatik. Behar den irtenbidea politika berria da, aldaketa da. Asmo argia duen gobernu bat, ezberdinen artean lankidetzan aritzen dena eta etorkizuneko proiektu bat eskaintzen duena. Elkarguneak bilatzen dituen proiektua», adierazi du.
Herri hau martxan jartzeko lankidetza gune bat eskaini du EH Bilduk. «Eta horrek, apirilaren 21era estrapolatuta, esanahi argia du. Politika berriak aurrera egin dezan eta aldaketa posible izan dadin, EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu behar ditu. Gauzak ez aldatzeko eta berdina egiten jarraitzeko tentazioa dagoelako. Hori ez gertatzeko berme bakarra EH Bildu da», nabarmendu du Otxandianok.
EH Bildu da aldaketarako berme bakarra. pic.twitter.com/4eSVjgEuy2
— Pello Otxandiano Kanpo (@PelloOtxandiano) April 12, 2024