Pello Otxandianok politika publikoak sakon eraldatzeko premia azpimarratu du gaur Legebiltzarrean, eta erantsi du EH Bildu prest dagoela euskal gizarteak gaur egun dituen beharrizanei erantzungo dien berregituraketa baten alde lan egiteko. Esan duenez, koalizio subiranista kontratu sozial berri bat eraikitzea ahalbidetuko duen funtsezko aldaketa bat babesteko prest dago.
Otxandianok Estatu Batuetako hauteskundeetako emaitzei erreparatu die, bere iritziz, munduarentzat, Europarentzat eta Euskal Herriarentzat albiste txarra izan direnei. Egoerak, esan du, agerian uzten du politika neoliberalek hamarkadetan zehar sortu dituzten arazo sistemikoei aurre egiteko beharra dagoela.
Gogorarazi duenez, 2008ko krisi ekonomiko-finantzarioaz geroztik errezeta neoliberalen aldeko apustua egin zen merkatuei hegemonia osoa emateko, austeritatea eta merkatuaren autoerregulazioaren mitoa bultzatuz. Politika horiek ez dute oparotasunik ekarri, sufrimendu sozial handia eragin dute eta garai honetako krisi nagusietako bitan sakondu dute: krisi ekologiko-klimatikoan eta sostengatu ezinak diren desberdintasun sozialetan. Otxandianoren esanetan, “Trump ez da bere horretan arazoa, baizik eta gehiengo sozialari ongizatea eta aurrerapena emateko gai ez den eta demokrazia liberalei ere mehatxu egiten dien eredu ekonomiko baten sintoma”.
EH Bilduko buruzagiarentzat, Europar Batasunaren (EB) egoera ere kezkagarria da. Draghi txostena etsi-etsian egindako dei bat da krisi existentzial baten erdian, EB ez delako suspertze plan anbiziotsu bat garatzeko adostasuna lortzeko gai. EAEren kasuan, plan hori 5.000 milioi euro ingurukoa litzateke, egungo aurrekontua %20 igotzea eskatuko lukeena. Alta, Europako egungo errealitatea bestelakoa da, Next Generation funtsak agortzen ari direlako eta arau fiskalak indarrean sartzeko daudelako. Horren ildotik adierazi duenez, Europako eliteak arnasari eusten ari zitzaizkion AEBko hauteskundeen aurrean, baina gaur plan baten falta dute EBren etorkizunerako.
Ziurgabetasunez betetako egoera honetan, Otxandianok nabarmendu du Euskal Herriak bai daukala erronka horiei erantzuteko behar den gaitasuna. EH Bilduren irudiko, une historiko honi aurre egiteko zutabeak dira, batetik, nortasun komunitarioa indartzea eta, bestetik, eredu postneoliberal baterantz jotzea. Honek esan nahi du euskal gizarteak bere gaitasun eta baliabideen arabera aurrera egiten hasi behar duela, eta hori bideragarria da bereziki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horren aldeko baldintza soziopolitiko onak dituztelako.
Jaurlaritzari dagokionez, Otxandianok aintzat hartu du haren lehen urratsetako erretorika, Gobernuko alderdiak eta EH Bildu bat datozelako, inplizituki, politika neoliberalek porrot egin dutelako tesian. Hala ere, oposizio-buruak funtsezkotzat jo du harago joatea eta esplizituki adieraztea neoliberalismoak porrot egin duela eta premiazkoa dela kontratu sozial berri bat eraikitzea zentzu komunitarioaren galeraren arrazoiei heltzeko eta neoliberalismoaren ondorio sozialak iraultzeko. Kontua ez da aldaketa txikiak egitea, baizik eta egiturazko aldaketak, esponentzialak, txertatzea hona ekarri gaituzten politiketan.
Halaber, Otxandianok berretsi du EH Bildu prest dagoela aldaketa horien aldeko akordioetara iristeko, eta, alde horretatik, gogora ekarri du osasun arloko itunarekiko konpromisoa, hor koalizioak adosteko gaitasuna erakutsi baitu. EH Bildu ez da eskua luzatzeaz nekatuko, nabarmendu du. “Hitzez eta ekintzez erakutsi dugu akordiorako dugun prestasuna, eta Osasun Ituna horren adibide da”. Edonola ere, argi utzi du EH Bildu akordioetan egongo dela egoerak eskatzen dituen politika eraldatzaileekin bat baldin badatoz bakarrik.
Modu honetan, EH Bilduk politika publikoetan aldaketa ausart eta egiturazko bat bultzatzeko prest dagoen eragile bezala kokatzen du bere burua, une honetako premiak ezin direlako doikuntza soil batzuekin konpondu. Eraldaketa sakonak behar dira, euskal gizartearen eskariei eta erronkei erantzungo dietenak.