AKTUALITATEA

| 2025-11-02

EH Bilduk agerraldia egin du, gaur goizean, Gasteizen, frankismoko eta Estatuaren biolentziaren hainbat biktimarekin batera. Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusiak hartu du hitza, eta harekin batera izan dira Jon Paredes Manot ‘Txiki’-ren senideak, German Rodriguezen anaia, Martxoaren 3ko biktimak, Iñaki Etxaberen senideak, Santi Brouarden alaba, Josu Muguruzaren alaba, Joxean Lasaren arreba, torturak pairatu zituzten Enkar Blanco eta Martxelo Otamendi eta espetxe politikaren biktima Rafa Isasi eta Maite Sanchez.

Azaroaren 22an Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin dute guztiek. Era berean, Juan Paredes Manot "Txiki", Angel Otaegi, Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz frankismoko azken fusilatuen senideek ere manifestazioan parte hartzeko deia egin dute; gainera, manifestazioan izango direla aurreratu dute.

Arnaldo Otegiren adierazpenak: 

50 urte betetzen dira aurten fusilamenduetatik eta Borboiraren koronaziotik. Borboiak orain gogoratzen ditu bere memorietan Franco oso adeitsua zela berarekin, Francok agindu zituela fusilamenduak eta bere Francok izendatutako erregea dela.  Horrek azaltzen du trantsizioa beste ezerk baino hobeto. Egun ditugun hainbat arazo, nazionalak zein sozialak, trantsizioaren ondorio dira, fusilamenduetatik Borboiaren koronaziora bitartean egin zen operazio politikotik.

Baina ez gaude hemen tristeziaren apologia egiteko edo ariketa melankoliko bat egiteko, nostalgia ariketa bat. EH Bilduk esperantzaren blokea osatzen du. Memoria herritarraren blokea osatzen dugu. Ardura politikoaren eta ardura historikoaren blokea osatzen dugu. Guk memoria daukagu eta memoria gordetzen dugu, baina gehienbat etorkizuna da gurea. Etorkizun handia daukagu. Mugarik gabeko etorkizunaren jabe gara.

Duen ardura historikoaz jabetzen da EH Bildu. Alde batetik, termino nazional eta sozialetan herri hau eszenatoki hobeetara eramateko egon daitezkeen aukerak baliatzeko. Baina, baita ere, mehatxu berrien eta probokazioen aurrean ardurarekin erantzuteko. Mehatxu berrien eta probokazioen aurrean lehendabiziko lana prebentzioarena da. Prebentziorako ez dago modu hoberik herri gehiengo osoak eta handiak antolatzea baino. Eta gure estiloarekin egitera gatoz. Hori da gure estiloa: ardura, mobilizazio eta antolakuntza herritarra, disziplina. Hau da, Euskal Herri luze eta zabalean gehiengo herritarrak artikulatuko dituen proiektu herritarra antolatzea. Probokazioei eta autoritarismoei ez zaie aurre egiten taktikoki, baizik eta estrategikoki. Eta estrategikoki aurre egiten diogu parametro hauetan: ardura, mobilizazioa eta antolakuntza eta proiektu politikoaren defentsatik. 

Horregatik guztiagatik, herri bat martxan behar dugu. Herri honek bere indarra demostratu behar du berriz ere. Dauden aukerak baliatzeko eta mehatxuei aurre egiteko. Horregatik, dei egiten dizuet denoi azaroaren 22an gurekin Bilbon egotera. Hemen gurekin dauden senide guztiak laguntzera eta babestera. Memoriagatik, autoritarismoari aurre egiteko, autoritarismoa prebenitzeko, gure esperantzaren bandera altxatzeko, arduraren bandera altxatzeko. Autoritarismoaren eta mehatxuen aurrean, martxan dagoen herria garela erakusteko.