Sinatu dugun akordio honen bidez, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak konpromisoa hartu du 2026ko Nafarroako aurrekontuen lege proiektuak aurrera egin dezan ahalbidetzeko, gure taldearen abstentzioarekin.
Aurrekoetan nabarmendu dugun bezala, lehenik eta behin, akordio honen balio politikoa azpimarratu nahi dugu. Izan ere, beste behin lortu dugu Nafarroaren eta nafarren interesak erdigunean kokatu eta horien araberako lehentasun garrantzitsuak indar politiko desberdinen artean adostea.
Eta aurrekoetan adierazi dugun moduan, oraingoan ere esan nahi dugu hauek ez direla EH Bilduren aurrekontuak, baina ekarpen aipagarria egitea lortu dugu eremu estrategikoetan. Hau da, errazak izan ez diren negoziazio batzuen ondoren, aurrekontuetan hobekuntzak egin ahal izan ditugu, beti lehentasun argi bati jarraiki: jendartearen bizi baldintzak hobetzea. 
Gaur sinatu dugun aurrekontu akordioa 7. akordioa da. Nafarroak, urtez urte, aurrekontu berrituak izatea ahalbidetu duten 7 akordio. Guztira, 11 urte dira Nafarroak aurrekontuak dituela. Eta 11 urte ere badira eskuinak baldintzatu gabeko aurrekontuak ditugula.
Geroz eta ezegonkorragoa den mundu honetan, atzera egiteko geroz eta saiakera gehiago ikusten dugun honetan, are balio handiagoa du indar aurrerakoien arteko adostasunari esker lortutako akordioak, eta are garrantzitsuagoa da izaera soziala duten aurrekontu berrituak izatea. Horrela, EH Bildutik egonkortasuna eman diogu Gobernu honi, gurekin sinatutako akordioek eta egin ditugun proposamenek egonkortasuna ekarri diote Nafarroako Gobernuari azken urteotan. Arduraz jokatzen dugulako, herria alderdiaren gainetik lehenetsiz. Hori da gure iparra.
Ildo horretan, zerbitzu publikoak indartzea izan da gure ekarpenen xede nagusia. Gizarte osoari erantzuna emango dieten eta bereziki kolektibo zaurgarrienak babestuko dituzten zerbitzu publiko sendoak, kalitatezkoak, unibertsalak eta doakoak behar ditugulako. Gehiengo sozialen beharrak asetzen dituztenak. 
Horrela, bizi-baldintza duinak bermatzeko, pentsioetan aurrera egin nahi izan dugu eta 1.100 euroko gutxiengo pentsioak lortu ditugu.
Ongizate maila hobetzeko, argi dugu burujabetzan aurrera egin behar dugula eta, ildo horretan, Gobernuarekin adostu dugu Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Ikuskaritzarn eskumena eskualdatzeko izapideak hastea.
Era berean, zerbitzu publikoei dagokienez, mendekotasun eta desgaitasun balorazioetarako epeak murrizteko helburuarekin, balorazio-ekipo berri batekin indartuko da eskubide sozialen eremua. Horrekin batera, Osasun Departamentuak konpromisoa hartu du osasun-azpiegituren plan bat garatzeko, asistentzia-beharrei egokitutakoa.
Bestalde, pertsona helduen euskalduntzean aurrera egiten jarraituko dugu, eta A2 eta B1 mailen doakotasunerako jauzi kualitatiboa adostu dugu. D ereduari dagokionez, urte luzez lan egin izan dugu eskaera dagoen herrietan lerro berriak sortzeko; horretarako protokolo bat egitea lortu genuen eta oraingoan Gobernuarekin adostu dugu arurrekontuetan diru-partida bat egotea Faltzesen D eredua ezartzeko.
Halaber, etxebizitza publikoa garatzeko ekarpen ekonomiko garrantzitsuak egin ditugu eta horiek bete daitezen bermeak ezarri ditugu.
Amaitzeko, esan nahi dugu gure lehentasunak jendartearen lehentasunak direla eta horiek eraman ditugula aurten ere negoziaziora eta Nafarroako aurrekontuetara. Erronka itzelak ditugu aurrean, bai nazioarte mailan, Estatuan eta Nafarroan bertan ere, eta neurri bereko konpromisoak hartzeko unea da. 
Aurrekontuak, hain zuzen, tresna eraginkorra izan daitezke erronka horiei emaitza on batekin aurre egiteko eta hartutako konpromisoak betetzeko. EH Bildutik irmoki sinisten dugu elkarrizketan, negoziazioan eta akordioetan jendartearen ongizatean aurrera egiteko, eta norabide horretan tinko jarraituko dugu.