AKTUALITATEA

| 2021-12-29

Azken orduetan jakin dugu Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak zer neurri hartu dituzten birusaren hedapena gelditzeko. Neurri horiek murrizketetan soilik oinarritzen dira, eta ez dute mahai gainean jartzen, beste behin ere, laguntza neurririk, eta babesik gabe uzten dituzte sektore kaltetuenak. Zentzu horretan, EH Bilduk uste du pandemiaren kudeaketa eskasa, berantiarra eta noraezekoa dela. Beste behin, herritarren esku uzte da pandemiaren kudeaketa eta administrazioak bere gain kendu ahi du erantzukizun guztia. Onartutako neurriak ez dira eraginkorrak eta ez daude egoeraren larritasunak eskatzen duen mailan ez eta komunitate zientifikoak eskatzen dituen norabidean.

Urkulluk eta Chivitek hartutako neurriak birusa erabat goia jota dagoenean eta intzidentzia tasa oso altuekin iristen dira. Neurriak berandu datoz, egun batzuk daramatzagunean puntu honetara iritsi beharko genukeela jakinda. Gabonetako kanpaina neurri murriztailerik hartu gabe igarotzeko borondate argia egon da, eta neurri kosmetiko eta ez eraginkorrekin herritarrak despistatzen aritu dira, hala nola covid pasaportea eta kalean maskararen erabilera derrigortzea. Emaitzak direnak dira, ez dutelako Gabonetako kanpaina neurri murriztailerik gabe gainditzea lortu eta birusaren hedapena gero eta handiagoa delako.

Horren guztiaren ondorioz, Osakidetzako eta Osasunbideako lehen arreta zerbitzuak kolapsatuta eta kaos egoeran daude. 20 hilabete igaro dira birusa gure bizitzetara iritsi zenetik. Hasieratik, osasun adituez gainera, gizarteko sektore guztiek esan zuten osasun publikoko sistemak indartzea zela birusa geldiarazteko inbertsiorik onenak. Badirudi Urkulluk eta Chivitek ez dutela ezer ikasi. Baliabideak badituzte lehen arreta indartzeko. Osakidetzako eta Osasunbideko lehen arretetan baliabideak indartzeko eta injektatzeko neurriak hartzera premiatzen ditugu Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Aurrekontuen azken negoziazioetan EH Bilduk gobernu horiekin adostu zuen lehen mailako arretarako partidak handitzea. Berehala egiteko eskatzen diegu.

Zentzu horretan, premiazko artapena baino ez duela egingo iragarri du Osakidetzak. Oso larria iruditzen zaigu erabaki hori, osasunak ezin duelako itxaron. Era horretara, lehen arreta desegiteko beste urrats bat bezala ulertzen dugu, lehentasunezkoa osasun sistema publikoa indartzea izan beharko litzatekeenean.

 

Era berean, lehen mailako arretako zerbitzuek bizi duten egoera arintzeko eta birusaren hedapena geldiarazten saiatzeko beste neurri mota batzuk daude, komunitate zientifikoak behin eta berriro azpimarratzen duen bezala:


1. Txertaketa osasun zentroetatik ateratzea, bai gripearena, bai COVID-19arena.
2. Aztarnari ekipoak indartzea, areagotzea eta denboran zehar mantentzea.
3. Aztarnarien lanerako protokoloak eta prozedurak aldatzea.
4. Arauz eta administrazioaren laguntzarekin, espazio itxietan airearen kalitateari eusteko iragazkiak instalatzea (neurgailuak ez ezik, airea garbitzeko iragazkiak ere).

5. Herritarren eskura jartzea autodiagnostikorako eta auto erregulaziorako tresnak: testak unibertsalizatzea, dohainik edo prezio sinbolikoaren truke eskuratzeko aukera emanez. Eremu gehiagotara irekitzea, farmazietatik aparte, espazio itxien erabilera seguruagoa izan dadin.

Eta, era berean, uste dugu guztiz beharrezkoa dela baliabideak ematea positibo ematen duten eta konfinatu behar diren haurren gurasoek horiek zaintzeko baimenak lor ditzaten.