ETB 1eko Egun on saioan elkarrizketatu dute Gorka Elejabarrieta, EH Bilduko Harreman politikoen idazkaria eta Senatuko bozeramailea, eta azken egunotan Junts alderdiak jakinarazitako erabakiaren inguruan ondorengoa adierazi du: «Jakina da Juntsen posizio politikoa ez dela EH Bildurena. Legealdiak aurrera jarraitzen du, eta aukera leihoak zabalik dirauen bitartean, orain arteko ildoari eutsiko diogu. Legez lege negoziatzen jarraituko dugu Euskal Herriarentzat onurak lortzeko».
«Aukera leihoa ahalik eta luzeen irautea nahi dugu. Aldebiko bilerak egin ditugu azken hilabeteotan inbestidurako indar politikoekin, eta ondorio argia atera dugu: behar-beharrezkoa da inbestidurako gehiengoa berregitea eta guztion artean gutxieneko bideorri bat adostea. Legealdiari zentzua eman behar zaio», gehitu du bozeramaileak.
Espainiako Senatuko ikerketa batzordearen inguruan, Elejabarrietak esan duenez, «EH Bilduk ez du ustelkeria kasu bakar bat ere, eta lasaitasunetik horretatik irmotasuna, ikerketa sakona eta zero tolerantzia eskatuko dizkiogu Sanchezi biharko agerraldian. PPk ez du nahi egia jakitea eta ustelkeriarekin errotik amaitzea, gobernua higatzea eta legealdiarekin lehenbailehen bukatzea baizik». «PPk Senatuan bultzatutakoa ez da ikerketa batzorde soil bat, gobernua botatzeko operazio orokor baten instrumentu bat baizik. Gogora ditzagun Aznarren hitzak», nabarmendu du.
Ildo horretan, senatariak azpimarra egin nahi izan du: «Senatua nahi duen erara erabiltzen du PPk, inolako errespeturik gabe. Ikerketa batzordea ere haien interesentzat baliatzen dute. Gezurrak eta irainak egunerokoak dira. Zarataren aurrean, ez gaituzte isilduko ezta kikilduko ere».