AKTUALITATEA

Ekonomia | 2025-10-15

Urriaren 29an bozkatuko da Nazio Batuen Erakundean 65 urte baino gehiagoz Estatu Batuek Kubako Errepublikari ezarri dioten blokeo ekonomikoaren aurkako ebazpena. AEBetako presidente guztiek, salbuespenik gabe, mantendu dute indarrean blokeoa, honek uharteko ekonomian, erakundeetan eta herritarren egunerokotasunean dituen ondorioak kontuan hartu gabe.

Trumpen administrazioak, atzerriko gaietan esku hartzeko bere politikaren ildotik, are gehiago gogortu nahi izan du Kubarekiko duen jarrera. Reuters agentziaren filtrazio baten arabera, AEBetako Gobernua presio izugarria egiten ari da munduko beste gobernuengan, estatu ezberdinek Kubaren aldarrikapen legitimoari babesa ken diezaioten.

EH Bilduk salatu egin nahi ditu AEBetako Gobernuaren koakzio praktika horiek eta, aldi berean, babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkie Kubako herriari. Kubaren subiranotasuna eta independentzia errespetatzea eta uharteak pairatzen duen enbargoa eta blokeoa bertan behera uztea eskatzen dugu.

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da nazioarteko komunitateak modu bateratu eta iraunkorrean egitea lan Kubari ezarritako blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioa bertan behera uzteko. Ahalegin hori nazioarteko zuzenbidearen errespetuan, estatuen berdintasun subiranoan eta beste herrialdeen barne-arazoetan eskurik ez sartzeko printzipioan oinarritu behar da.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk deia egiten du Kubak bultzatutako ebazpena onartua izan dadin.