AKTUALITATEA

| 2023-01-30

Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak eta Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintza arduradunak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon. Bertan, otsailaren 11an Donostian antolatu dituzten Jardunaldi Munizipalisten nondik norakoak azaldu dituzte.

Onintze Oleaga:

Iazko maiatzean EH Bilduren lehen Konferentzia Munizipalista ospatu genuen. Bertan, nazioarteko hainbat esperientzia ezagutzeaz batera, euskal udalgintzaren erronka ezberdinak izan genituen eztabaidagai eta EH Bildu mugimendu munizipalista gisa antolatzeko konpromisoa hartu genuen.

Orain, datozen lau urteetarako bide-orria definitzeko garaia heldu da. Horretarako, EH Bilduk “Jardunaldi Munizipalistak” antolatuko ditu otsailaren 11an, Donostian. Jardunaldi hauek helburu argi bat izango dute: mugimendu munizipalistaren programa definitzea. Hau da, datorren legegintzaldian herri erronka estrategikoei aurre egiteko udalgintza egitasmo gakoak zeintzuk diren aztertzea eta egungo ereduarekin talka egiten duen politika egiteko modu berrietan sakontzea. Egitemo modu berri hori ondo baino hobeto ikus daiteke alkatetzan gauden udaletan. EH Bilduk udalerri jasangarri eta bizigarrien alde egiten du, herritarren hitza eta erabakia erdigunean jarriz, herritarren bizitza hobetzea helburu duten proposamen modernoak eta efizienteak garatuz. Orain, Jardunaldi Munizipalisten bidez, herrietan eta udaletan lanean dabiltzan kide guztiak bildu eta orain arte garatutako esperientzia guztiak amankomunean jarri nahi ditugu, gure udalgintza prozesuaren oinarriak sendotu eta etorkizunera begirako estrategia bat adosteko.

Donostiako Tabakaleran antolatuko ditugun Jardunaldi Munizipalistak EH Bilduk tokian toki aurrera eramaten ari dituen proiektu eta politika berritzaileen elkargune gisa irudikatzen ditugu beraz; eredu berri baten adibide bizia. Zentzu horretan, jardunaldiak lehen urrats bat izango dira, Euskal Herriaren eraikuntza nazionalari EH Bilduk egin nahi dion ekarpen kualitatibo garrantzitsua: eredu eta praktika guzti horiek elkartuz, gure etorkizuna marraztuko duen iparrorratz berri bat garatu nahi dugu. Beste Euskal Herri bat posible delako, eta hori, gaurdanik, gure herrietan praktikara eramaten ari garelako. Amesten dugun Euskal Herria jada ez da utopia bat, egunez-egun eta tokian toki, ehundaka herritarrek eramaten dute aurrera, eta logika horri eutsiz, gure udaletan garatutako eredu berri hori erdigunean jarri eta salto kuantitatibo bat emateko garaia dela deritzogu.

Hala, hurrengo legegintzaldiari begira, bost erronka nagusi identifikatu ditugu eta horien inguruan antolatu nahi dugu gure aurrera begirako jardun munizipalista. Bost erronka horietatik abiatuta ziklo munizipalista berrirako iparra osatuko dugu denon artean:

Erronka ekosoziala larrialdi klimatikoaren, biodibertsitatearen krisiaren eta krisi energetikoaren garaian.

Zaintzaren erronka gizartearen zahartzearen eta ehundura komunitarioen ahultzearen aurrean.

Berdintasunaren erronka desberdintasun sozialen areagotzearen, migrazioaren gorakadaren eta sexu-genero zapalkuntzaren aurrean.

Erronka demokratikoa demokrazia liberalaren agorpenaren, krisi politikoaren eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean

Eta azkenik, Euskalduntzearen eta euskal kulturaren transmisioaren erronka digitalizazioaren aro globalean.

Handiak dira azken hamarkadan EH Bilduk gobernatzen dituen udaletan emandako aurrerapausoak. Baina handia dira ere, herri bezala ate joka ditugun erronka eta mehatxuak. Horregatik, eta lehen indar munizipalista garen heinean, gure gain hartzen dugu erronken tamainako prozesu estrategiko baten garapena. Badugu indarra, badugu proiektua eta badugu hori aurrera aterako duen kidegoa. Goazen beraz, denon artean eta herritarren ongizatea erdigunean jarriz, etorkizuneko Euskal Herria irabaztera.

 

Unai Urruzuno:

Otsailaren 11an Donostiako Tabakaleran antolatu ditugun Jardunaldi Munizipalisten bidez, esan dezakegu, hasitzat ematen dugula maiatzean izango ditugun hauteskundeei begirako kanpaina. Eta gauza bat aitortu behar dut: EH Bildutik, ilusioz beterik egiten diogu aurre erronka berri honi.

Badakigu, egun bizi ditugun garai gris hauetan, eskasa dela esperantzarako dugun tartea. Bizi dugun krisiak gogor kolpatu du mundu mailako egitura guztia eta Euskal Herria ez dago gertakari horietatik salbu. Garai latzen bezperak izaten dira krisiak, baina baita ere, aldaketa handien hitzaurreak. Bertol Brecht-ek zioen bezala, krisiak zaharra agortu eta berria jaio bitartean ematen dira. Horregatik luzatzen dugu esperantzarako deia EH Bildutik: Bilboko kaleetan egin genuen, eta egiten jarraituko dugu. Erronka handiak ditugu ate joka, baina ilusioz beterik gaude, erronka horien tamainako proiektu bat dugulako esku artean.

Zentzu horretan, datozen hauteskundeak gure egitasmoak sendotu eta herri honen eraikuntzan aurrerapauso bat emateko balio behar digute. Udalak dira herritarrengandik hurbilen erakundeak, herritarren beharrak ondoen ezagutzen dituztenak eta, aldi berean, funtsezko tresnak dira herri eraikuntzan sakontzeko. Ekologia, zaintza, berdintasuna, demokrazia eta euskalduntzea erdigunean jarri, eta herriz-herri, helburu dugun Euskal Herria eraikitzeko unea heldu da. Hori egiteko, ordea, indarrak batu behar ditugu, ez digu balio tokian toki garatu daitezkeen proiektu solteekin. Ez. Orain arte ikasitako guztia batu, eta denon artean, herrietatik abiatu eta Euskal Herri osoan zehar hedatuko den eredu berri bat garatzeko beharrean gaude. Lehen indar munizipalista garen heinean, gure dagokigulako praktika errealen bidez, gobernatzeko eredu berriak eraikitzea.

Guztion indarrak batuz, ziklo berri bat ireki nahi dugu EH Bildutik. Politika era zintzo eta zuzenean aplikatuz: Gureak gertuko udalak direlako. Gardenak. Gureak Europan abargoardia diren politika publikoak diren indarrean jartzen dituzten udalak direlako. Modernoak. Gure helburua Politika hizki larriz egitea delako: era demokratikoan eta herritarren hitza errespetatuz. Herritar arruntak gara, konprometituak eta prestatuak. EH Bilduko alkateek eta zinegotziek haien herriarekiko zuten konpromisoari helduta egiten zutelako politikagintzara salto. Haien herria hobetu zitekeela sinetsiz.

Egun, sinesmen hori errealitate bilakatu dugu eta Lehen indar munizipalista garen heinean, hegemonia hori indartu eta pauso bat aurrera eman nahi dugu. Behar beste indar baldin badugu, gauzak aldatzeko gai garela frogatu dugu. Lehen pentsaezinak genituen erronkak egi bilakatzeko gai garela erakutsi dugu urteotan. Politika egiteko beste eredu bat dagoela argi utzi dugu: gertukoa eta komunitarioa. Orain, eredu horri bultzada bat ematea dagokigu, denon artean eta elkarrekin lan eginez, eraiki dezagun guk guztiok merezi dugun Euskal Herria. Bizitzak erdigunean jarriko dituen Euskal Herria.