AKTUALITATEA

| 2025-10-13

Oskar Matutek, EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, falangearen ekintzak izan ditu hizpide, eta salatu du «larria dela alderdi faxista bati Gasteizera turismo faxista egitera eta probokatzera etortzen uztea, Memoria Demokratikoaren Legea urratuz. Egintza hori ez zen gertatu behar». «Segurtasun Sailak azalpenak eman behar ditu, eta atxilotuak aske geratu behar dira», gaineratu du.

Sharm el Sheijen (Egipto) Israelen eta Hamasen arteko bake akordioa sinbolizatzeko antolatu duten goi-bileraz galdetuta, Matutek esan du EH Bilduk «herri palestinarraren alde» egingo duela eta «herri palestinarraren ondoan» egongo dela hartzen dituzten erabakietan. «Une klabean gaude Palestinaren defentsan eta Estatu aske eta subirano bat izateko eskubideetan ahotsa altxatzen jarraitzeko».

Espainiako Estatuko 2026rako aurrekontuei dagokienez, bozeramaileak azpimarratu du «borondate eraikitzailearekin negoziatuko ditugu aurrekontuak. EH Bilduren exijentzia-maila argia da: euskal herritarrentzat hobekuntzak adostea eta eskubideak eta askatasunak zabaltzea».