AKTUALITATEA

| 2023-05-15
Ekitaldia egin du EH Bilduk, gaur arratsaldean, Amurrion. Oskar Matute diputatua, Eva Lopez de Arroyabe Arabako Foru Aldundirako hautagaia eta Jon Berganza Amurriko alkategaia izan dira hizlariak.
 
 
Oskar Matute: “Gauzak aldatzeko gai den tresna gara; horregatik gara garaitu beharreko arerioa”
 
EH Bildu Euskal Herriko ezkerreko subiranisten etxe komuna izateko asmoarekin jaio zen. EH Bildu herri honen burujabetza eta euskal herritarren eskubideak defendatzeko eta aldarrikatzeko tresna gisa sortu zen. Horretan aritu gara azken 12 urteetan, eta horrela jarraituko dugu etorkizunean ere. Eta gero eta gehiago gara, eta gehiago izango gara maiatzaren 28aren ondoren.
 
Egunero-egunero erakusten dugu gauden tokian. Udaletatik Europako Parlamentura. Eta Madrilen ere bai, herritarren egunerokotasunerako hain garrantzitsuak diren gaiak hitzartzeko gai izan baikara, hala nola Etxebizitzaren Legea eta kotizazio gabeko pentsioen igoera. Edo bankuen eta enpresa elektriko handien gaineko zerga. Hori da traba egiten diena. Hori da kosta ahala kosta geldiarazi nahi dutena: EH Bildu erabakigarria izatea eta jendearentzat konponbideak bilatzea eta adostea.
 
Lehen ere horrela zen eta maiatzaren 28ko hauteskundeetarako baieztatzen ari da: garaitu beharreko arerioa EH Bildu da. Gauzak alda ditzakeen tresna eraldatzailea gara. Herritarren bizi-baldintzak hobetzen dituen tresna gara. Horregatik gure bidetik aldentzea nahi dute. Eta ez bakarrik ultraeskuinak. Haien markoa erosten eta elikatzen dutenek ere bai. Kaikudun Ayusoak dira horiek.
 
Subiranistak eta ezkerrekoak. Herritarrek behar dituzten konponbideekin konprometituta. Atsedenik gabe lan eginez, jendearen arazoei irtenbideak bilatzeko. Hori da EH Bildu: herri honekin eta bertako jendearekin konprometitutako indar politikoa. Oso argi daukagu zein norabide jarraitu behar dugun eta horretan jarraituko dugu. Espainiako ultraeskuina bidetik aldentzen saiatu arren, duela 12 urte hasitako bidetik jarraituko dugu. Euskal herritarren subiranotasunaren eta eskubideen alde lanean jarraituko dugu. Herritarren bizi-baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu.
 
 
Eva Lopez de Arroyabe: “Araban aberastasun nahikoa sortzen da guztiok gizarte-zerbitzu duinak izateko”
 
Arabak lidergo berriak behar ditu. Eta gu gara alternatiba. Bai. Are gehiago, alternatiba bakarra gara. Urte asko dira herri honekin, Amurrioarrekin, Aiararrekin, Arabarrekin, hausnarketak partekatzen, alboz albo lanean, irtenbideak lantzen, etorkizuna prestatzen. Eta alternatiba hori garatzeko unea iristen ari da.
 
Garaia iritsi da argi eta garbi esateko Araban aberastasun nahikoa sortzen dela guztiok gizarte-zerbitzu duinak, etxebizitza, elikadura osasuntsua eta hurbilekoa izateko, energia arrazoizko prezioetan eskuratzeko, azken batean, bizitza duina izateko.
 
 
Jon Berganza: “Pertsonak zainduko dituen Amurrio egingo dugu”
 
Eta dagoeneko ez badakizue, pertsonak zainduko dituen herri bat egingo dugu, norbanakotik hasi eta kolektiboraino, bizitzeko, ikasteko eta lan egiteko moduko herri bat. Gure gazteek sozializatzeko beste eredu bat izango duten herria, ikasketa-gela duinak izango dituena eta emantzipatzeko aukera izango duena.