AKTUALITATEA

| 2025-07-08

Jaurlaritzak abal publikoen lerro bat onartu du, gazteei etxebizitza erosteko aukera errazteko. Neurri hori emantzipazioa errazteko tresna gisa aurkeztu bada ere, EH Bilduk argi eta garbi ohartarazi nahi du abal-lerro horretan ez dagoela etxebizitza-politika bat, finantza-erakundeei mesede egiten dien eta etxebizitzaren merkatu espekulatiboa elikatzen duen banku-politika bat baizik.

Testuinguru honetan, non etxebizitzarako sarbidea gazteen arazo nagusietako bat den, konponbideak ezin dira izan baliabide publikoak arriskuan, eta interes pribatuen zerbitzura, jartzen dituzten formulak, iraganean porrot egin zutenak, alegia. Jaurlaritzaren abalek ez diete etxebizitzaren krisiaren egiturazko arrazoiei heltzen; horren ordez, arrazoi horietan sakontzen dute.

Neurri honen muina etxebizitza baten prezioaren % 100 diru publikoarekin bermatzean datza, bankuek emandako hipotekek estaltzen ez duten % 20a ordezkatuz. Horrela, banketxeak beren gain hartzeko prest ez dauden finantza-arriskua herritar guztien bizkar uzten da. Horrela, banketxeek arriskurik gabeko negozio bat ziurtatzen dute, euren bezeroek hipoteka ordainduko ez balute, funts publikoek beren gain hartuko luketelako ardura hori. Eredu horretan, irabaziak pribatizatu egiten dira, eta galerak sozializatu.

Jaurlaritzak etxebizitza-politika publikoak bultzatu eta espekulazioa geldiarazi nahi duela esaten du, baina aldi berean bankuen boterea indartu eta higiezinen merkatu pribatua dinamizatzen duen plan bat sustatzen ari da. Kontraesana bistakoa da. Abal-lerro horrek ez du etxebizitzaren prezioei eusten lagunduko, kontrakoa baizik; are gehiago garestitu ditzake, erosle-eskaria artifizialki handituko baita.

Adierazgarria da, gainera, neurri hori EAJko sailburu batek aurkeztea, Etxebizitzak sail propioa baitu Jaurlaritzan, PSE buru. Ezer berririk ez, lehendakariak Etxebizitza Legearen hamargarren urteurrenaren ospakizun-ekitaldia abal-lerro hau iragarriz kontraprogramatu zuelako, PSE premiazko neurrien legeari balioa ematen saiatzen ari zen bitartean. Finean, oreka-joko batean ari dira herritarren arazo eta kezka nagusiarekin, etxebizitza-larrialdiarekin, alegia. Politika alderdikoia da, titularrak eta argazkiak lehenesten dituena, baina ezer konpontzen ez duena; alderantziz, arazoa larriagotzen baitu.

Jaurlaritzaren programa honek planteatzen duenaren kontrara, EH Bilduk defendatzen du baliabide publikoak bideratu behar direla alokairuko etxebizitza-parke publiko egonkor, eskuragarri eta ez-espekulatibo bat eraikitzera, herritarren esku jartzera. Hor dago etxebizitza-eskubidea bermatzeko gakoa, baita gazteentzat ere.

Jaurlaritzaren diskurtsoaren oinarrian dagoen politika publikoaren logikak ez du  etxebizitza ondasun sozial gisa hartzen, ikuskera horretatik aldentzen da, etxebizitzaren salgai-izaera indartzen du, funts publikoekin finantzatzen baitu gazte askok ezinezko duten erosketarako bide bat, eta mesede egiten die, batez ere, egonkortasun edo baliabide ekonomiko gehiago dituztenei. Neurri hori egiturazko, asmo handiko eta ibilbide luzeko etxebizitza-politika publikoa zuzentzeko Jaurlaritzak duen erantzukizunaren aurka doa. Izan ere, merkatuan zuzenean esku hartzeari eta eskaintza publikoa indartzeari lehentasuna eman beharrean, banketxeen erreskate prebentiboa hobesten du, etxebizitza-politika publikoa merkatuaren logikaren mende jarrita.

EH Bildun pertsonen zerbitzurako etxebizitza sistema bat eraikitzearen aldeko apustua egiten dugu, eta ez etekin finantzarioen zerbitzura. Premiazkoa eta posiblea da etxebizitza parke publiko sendoa osatzea, birgaitze-politikak bultzatzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea, etxebizitza eskuratzeko modu berriak sustatzea eta sarbide justua bermatzea, batez ere gehien behar dutenentzat. Horretarako, maiatzaren 22an Pello Otxandianok Legebiltzarrean adierazi zuenez, etxebizitza publikoak sustatzeko funts publiko espezifiko bat sortzea proposatu dugu.

Abal-plan honek ez du inongo harresirik eraisten. Aitzitik, politika publiko eraldatzaileen eta bere porrota erakutsi zuten iraganeko errezeten artean murru berri bat altxatzen du. Bota beharreko horma espekulazioarena da, ez bankuei hipoteka-negozioa arriskurik hartu gabe zabaltzen uzten ez diena.

Horregatik, EH Bilduk argi eta garbi esaten du: diru publikoarekin, etxebizitza publikoa. Negozio pribatu gehiagorik ez guztion kontura.