AKTUALITATEA

Ekonomia | 2025-07-11

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari orokorrak, Sonia Jacinto EH Bilduko Antolaketa idazkariak eta Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Harreman politikoen idazkariak osatutako ordezkaritza bat Ione Belarra Podemoseko idazkari orokorrarekin eta Irene Montero Podemoseko idazkari politikoarekin bildu dira gaur Gasteizen, EH Bilduren egoitzan. Bi ordezkaritzek egungo testuinguru politikoa aztertu dute, ziurgabetasunak, egonkortasun faltak eta eskuin muturraren gorakadak jotako testuingurua. EH Bildu eta Podemosek bat egin dute aro politiko berri bat irekitzeko eskaeran, eta 78ko erregimena gainditzeko beharra aldarrikatu dute.

Bi indar politikoek konpromisoa hartu dute hitz egiten jarraitzeko, eskubide eta askatasunen konkistan pauso irmoak emateko, arlo sozial zein nazionalean aurrera egiteko eta ezinbestekoa den erregenerazio demokratikoa gauzatzeko. EH Bilduk hurrengo asteetan inbestidura blokea osatzen duten alderdiekin egingo duen bilera sortaren barruan kokatzen da gaurko topaketa, Arnaldo Otegik iragarri zuen bezala.