AKTUALITATEA

| 2023-08-01

Denboraldi honen hasieran agerian geratu zen oinarrizko txirrindulari taldeek arazoak dituztela lasterketak antolatzeko eta aurrera ateratzeko. Horren ondorioz, hainbat lasterketa bertan behera utzi behar izan zituzten. Tour-aren bezperatan, akordioa egin zuten Jaurlaritzako ordezkariek oinarrizko txirrindulari taldeekin eta federazioekin, dauden arazoei irtenbidea bilatzen hasteko.

EH Bilduk Jaurlaritzari gogorarazi nahi dio, orain emandako hitza eta sinaturiko akordioak betetzeko momentua dela. Eta onartezina dela, behin Tour-a salbatu ostean, azkenean oinarrizko klub eta federazioei esker lortu zena, orain beraiez ahaztea eta emandako hitza jatea.

Tour-ean izandako euskal txirrindularien garaipenak erakusten dute, urteetako oinarrizko euskal txirrindularitzaren lan bikaina. Oinarrizko txirrindularitza eta lanarekin zaila bada goi mailara iristea, haien lan eta inplikazio gabe ezinezkoa da. Nahiz eta, bere horretan, kirolaren eta oinarrizko kirolaren helburua ez izan soilik goi mailako kirolariak lortzea. Halaber, ez luke zentzurik ere, Euskal Herrira goi mailako txirrindularitza ikuskizunak ekartzea, baldin eta lasterketa horietan euskal txirrindularirik ez badago.

EH Bilduk dei egin nahi dio Jaurlaritzari, alde batetik ekainak 23an txirrindularitza federazioekin sinaturiko akordioa betetzeko ekimena hartzera, premiaz eta bestetik, ekainak 28an Legebiltzarrean EHBilduren ekimenez aho batez lorturiko akordioa betetzeko neurriak hartzera, oinarrizko txirrindularitzan lasterketak antolatzeko dauden arazoak behin betiko konponbidean jartzeko. Horrela, elkarrizketa eta adostasunak bilatzeko mahaia abian jarriaz, lasterketen egutegia eta hauen ordutegiak, ibilbideak, txirrindularien eta errepideetako segurtasuna, eta bolondresen beharrizanak eta segurtasuna bermatzek neurriak abian jartzeko. Zeren, hori egin ezean,  Jaurlaritzak oinarrizko txirrindularitza hil zorira murgilduko luke.