Ikasturte politiko berriari ekin diogu. Behin hauteskunde aroa pasata eta ziklo politiko berria irekita, aukera berriak eskaintzen dizkigun ikasturtea da hau. EH Bildun uste dugu aukera horiek baliatu ahal izateko, asmo on eta adierazpenetatik ekintza konkretuetara pasatu behar dela. Interes orokorra eta herri ikuspegia lehentsiko dituzten ekintzak. Hitzetatik ekintzetara.
Horregatik, azken aste honetan EAJko buruzagi ezberdinen adierazpenak harriduraz jaso ditugula esan behar dugu. AHTaren ibilbidearen inguruan, bi hamarkadaz luzatu den obra miltimilonarioaz, modu publikoan eta umekeriaz egiten ari direnak, edo oposizioaren aurka egin dituztenak, zer eta bere lan parlamentarioa eta legegilea egite hutsagatik. Politika egiteko modu hau ez da batere eraikitzailea, eta hiperbolea erabiltzearen antzekoa da, populismoek egiten duten bezala; gainera, kontraesankorra da gure ustez lehentasunezkoa izan behar den interes orokorrarekin.
Guzti honengatik, datozen hilabeteetako ekimen politikoa herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiak konpontzera bideratu behar dela uste dugu. Arazoak konpontzera, hain zuzen, hori baita politika egitea. Etxebizitzarako sarbidea, zerbitzu publikoen kalitatea zein hezkuntza sistemarena. Gainera, konbentzituta gaude herri honetako erakunde nagusiek herri ikuspegi bateratu batekin lan egin beharko luketela, erantzunetan eta ekimen politikoan eraginkorrak izateko. Gure ekintzetan, behintzat, horrela dude: herria eta herritarrak erdigunean.
Guk norabide horretan lan egiteko konpromisoa hartzen dugu eta horretan ari gara planteatzen zaizkigun foro guztietan parte hartuz. Aste honetan bertan Osasun Itunerako mahaiarekin hasi gara. Aurrez aipatu dudan bezala, espero dezagun asmo onetatik haratago joatea eta Osakidetzaren egoera kritikoari irtenbidea emateko baliogarria izatea. Hala, adostasunetan oinarritutako ekintza politikoaren erakusle izatea, non herri ikuspegia eta interes orokorra helburu gisa eta erdigunean jartzen diren.