Gaur Donostian bildu dugu gure Osasun Publikoko Lan Taldea, Osasun Mahaiean EH Bilduren proposamenak landu eta egitasmoaren fiskalizazioan lagundu dituzten profesional, teknikari eta adituek osatua. Gure kide Rebeka Uberak gidatu du bilkura —Legebiltzarkidea eta EH Bilduren osasun arduraduna—, eta hedabideen aurrean agertu da prozesuaren balorazio politikoa egin eta Osakidetzaren etorkizunaren inguruko ikuspegia partekatzeko.
Uberak azpimarratu duenez, “izugarrizko lana egin dugu prozesu honetan. Ez gara bertan egon argazki bat ateratzeko, benetako eraldaketak lortzeko baizik, euskal gizarte osoaren mesedetan. Osasun sistema publikoa sendotzea izan da gure lehentasun bakarra.”
EH Bilduren ekarpenarekin bultzatutako eraldaketa giltzarriak
Lehen Arreta: indartu nahi dugun oinarria
Lehen egunetik defendatu dugu Lehen Arreta sendoa dela osasun sistema justu eta eraginkor baten giltza. Gure lanari esker lortu dugu:
- Lehen Arretak autonomia operatiboa eta kudeaketa gaitasun propioa izatea, aurrekontu zehatz batekin babestuta.
- Arreta integrala bermatzeko diziplina anitzeko taldeak sortzea.
- Lanaren antolaketa hobetzeko profesional profilen arteko ratio argiak ezartzea.
- Historia klinikoan balorazio biopsikosozialeko tresnak txertatzea, arreta pertsonalizatuago eta osatuago baterantz aurrera eginez.
Osasun Mentala: ikuspegi soziala, komunitarioa eta eraldatzailea
Osasun mentala izan da gure lanaren beste ardatz nagusi bat. Osasun mental publikoa nahi dugu, herritarrengandik hurbil dagoena, estigmarik gabea eta baliabide errealekin hornitua. Arlo honetan lortu dugu:
- Talde psikoterapia lehentasunezko tresna terapeutiko gisa txertatzea sistema publikoan.
- Diziplina anitzeko taldeak sendotzea, osasun psikologoak eta gizarte langileak barne.
- Esku-hartze komunitario sistematikoak ezartzea, osasun mentala kolektiboan ere eraikitzen dela ulertuta.
Osasun Publikoa: ikuspegi globala eta tresna errealak
Osasun publikoaren kontzeptua eguneratu eta logika prebentibo, interkonektatu eta etorkizuneko batean txertatzeko gure ekarpena erabakigarria izan da:
- One Health (Osasun Bakarra) ikuspegia sartzea lortu dugu, giza osasun, animalen eta ingurumenaren arteko lotura aitortzen duena.
- Osasun Publikoko eta Kudeaketa Sanitarioaren Eskola sortzea onartu da.
- Etorkizuneko Euskadiko Osasun Publikoko Institutuak egitura sendoa eta benetako eragin gaitasuna izan dezan oinarriak ezarri dira.
- Immunizazio eta populazio-kribaketa programa guztiak Osasun Publikoko estrategia bateratu batean integratzea lortu dugu.
Bizitzaren amaierako zaintzak eta pertsonetan zentratutako azpiegiturak
- Bizitzaren Amaierako Behatokia sortzea jasotzea lortu dugu, zaintza duinak, etikoak eta humanoak bermatzeko.
- Azpiegitura sanitario berrien plangintzan profesionalek eta herritarrek parte har dezaten mekanismoak bultzatzea.
- Plataforma logistikoaren ustiapen eredua birdefinitu dugu, kudeaketa eraginkorra eta irizpide profesionaletan oinarritua bilatuz.
Osasunaren gobernantza: gardentasuna, parte-hartzea eta eskubideak
- Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua indartu dugu, herritarren eskubideak bermatzeko eta sistemaren kalitatea hobetzeko bide zuzen gisa.
EH Bilduk uste du Gobernuak bere akatsak onartu eta hobekuntzarako baliatu beharko lukeela autokritika
Osasun Mahaiaren esperientziak erakutsi du sistema eraldatzeko aukera badagoela, baina baita ere Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak askotan erresistentziekin, anbizio faltarekin eta autokritika egiteko borondate urriarekin jokatu dutela.
Rebeka Uberak adierazi duen moduan, “egin dugun bideak fruituak eman ditu eta Gobernuarentzat balio beharko luke autokritika egiteko. Osasun Sailak hobekuntza tarte handia du, eta komeni litzaioke hori jarrera eraikitzailetik bultzatzea, ez autosatisfakziotik.”
Era berean, ohartarazi dugu ezin dela eztabaida garrantzitsuak faltsuki itxi. Osasun publikoa ezin da bihurtu propaganda politikoaren eszenatoki. Erabakiak ausartak, irekiak eta partekatuak izan behar dira.“Akordioak eta desadostasunak kudeatzea guztion betebeharra da. EH Bilduk arduraz egingo du, argazkia lehenetsi gabe eta Osakidetzaren etorkizunerako funtsezkoak diren erabakiak hartu eta eztabaidak modu faltsuan ixteko asmorik gabe”, adierazi du Uberak.
Etorkizunari begira: irmotasuna, anbizioa eta Osakidetzarekiko konpromisoa
EH Bilduk Osakidetza publikoarekin duen konpromisoa berresten du. Badakigu sistemak erreforma sakonak behar dituela, eta horiek bultzatzeko prest gaude espazio guztietan. Topaketaren amaieran Rebeka Uberak esan duen moduan: “Zorroztasunez eta determinazioz jarraituko dugu lanean. Osasun Mahaian, Legebiltzarreamn eta behar den toki guztietan. Gure konpromisoa osasun publikoarekin eta euskal herritarrekin dago.”