AKTUALITATEA

| 2025-07-31

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Nafarroako Gobernuak azken lau legegintzaldietan egindako edo hark finantzatutako obren lizitazioei eta esleipenei buruzko Ikerketa Batzordearako lan plana, aurkeztu du gaur, Auzitegi Goreneko Bigarren Salaren 20775/2020 Auzi Berezian adierazitako pertsona fisiko edo juridikoei lotutako ustelkeria kasu posibleei buruzko ikerketa zorroztasunez, seriotasunez eta konpromiso osoz lantzeko.

EH Bilduk azpimarratu du batzorde horrek funtsezko lana egin behar duela Nafarroan praktika ustelak egin diren ala ez argitzeko, eta hori, zehaztu du, “dokumentazio garrantzitsu eta beharrezko guztia eskuratzeko aukera bermatzen bada bakarrik izango da posible”. Informazio hori lortzea, taldearen hitzetan, “ezinbesteko baldintza da batzordeak bere zeregina modu eraginkor, objektibo eta gardenean garatu ahal izateko”.

Erregistratutako lan-planak lizitazioei eta esleipenei buruzko dokumentazio- eta informazio-eskaerak barne hartzen ditu, erakunde eta entitate multzo zabal bati zuzenduak. Horien artean daude Nafarroako Gobernua, Kontuen Ganbera, Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren aurkako bulegoa, Auzitegi Gorena, Auzitegi Nazionala, Diputatuen Kongresua, Senatua, Merkataritza Erregistroa, Euskadiko Kooperatiben Erregistroa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia edo Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Era berean, dokumentazio espezifikoa eskatu zaie Geoalcali S.L., Servinabar 2000 S.L., Acciona S.L., Alegure S.L. eta Noran S. Cooperativa enpresa eta merkataritza-erakundeei.

Gainera, planak aurreikusten du batzordearen fokupean dauden lizitazio- eta esleipen-prozeduretan erantzukizun teknikoa, ekonomikoa edo politikoa duten pertsonak agertzea. EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du prozesu horietan esku hartu zutenak bertatik bertara entzutea, azterketa sakona eta berme demokratiko guztiekin bermatzeko.

Parlamentuko-taldeak adierazi du erabat jabetzen dela batzordeak dituen mugez — bai baliabideei dagokienez, bai eskumenei dagokienez — eta lan zorrotza egiteak ekarriko duen ahalegin handiaz. Hala ere, espero du erakunde guztiek ariketa horretan aktiboki lagunduko dutela, ziur baitago gardentasunez eta konpromisoz soilik eskaini ahal izango zaizkiela herritarrei gertatutakoari buruzko ziurtasunak. Plan honekin, EH Bilduk gardentasunarekin, kontuak ematearekin eta ustelkeriaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa berresten du.