EH Bilduren Azpeitiko, Hernaniko, Donemillagako, Aguraingo, Zaldibarko eta Otxandioko alkateek agerraldia egin dute, gaur goizean, Donostian, zerga-bilketa aurreikusitakoa baino txikiagoa izaterakoan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek dirua itzuli beharko dutela ohartarazteko.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak esan duenez, «udal finantziazioa indartzeko garaiak dira, ez kontrakoa egiteko garaiak. Udalak babestu eta indartu behar dira, zerbitzu publikoak eta herritarren bizitza duinak bermatzeko. Ezegonkortasuna nagusi den garai honetan, herritarrak erdigunean jartzea ezinbestekoa da, eta hori kalitatezko zerbitzu publikoak eta bizi baldintza duinak bermatuz egiten da. Herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak udalak gara, eta EH Bilduko udalek konpromiso irmoa dugu herritarren ongizatearekin eta bizi kalitate duinarekin».
Horrekin batera diru-bilketa eta udalen finantza nahikotasuna bermatuko duen zerga-sistema ezartzea eskatu dute.