AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-03-30

Aberri Eguna 2026: EHBai eta EH Bilduren adierazpen bateratua:

Munduak bizi duen testuingurua gero eta konplexuagoa eta arriskutsuagoa da. Botere handiek gerra, presioa eta baliabideen kontrola erabiltzen dituzte beren nagusitasuna bermatzeko, eta horrek herrien zein pertsonen askatasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen ditu.

Autoritarismoa ez da urruneko mehatxu bat: gure inguruan hazten ari den errealitatea da. Eta ondorio gisa militarizazioa dakar. Baina argi esan nahi dugu: militarizazioak ez du bidezko konponbiderik erdietsiko. Gerrak ez du irtenbiderik; sufrimendua baino ez du sortzen. Oraingoan ere, Ekialde Hurbila sutan jarri dute, eskalada arduragabe batek hondamendia zabaltzen duen bitartean.

Horregatik, gure mezua argia eta irmoa da: gerrarik ez.

Gure ikuspegia antiinperialismotik eta herrien eskubideen defentsatik abiatzen da. Nazioen burujabetzari bai erraten diogu. Herrien autodeterminazioari bai erraten diogu. Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa dira gatazkak konpontzeko bideak.

Bitartean, krisi hauek ondorio larriak dakartzate: kalte ekologikoak handiak izango dira, eta ondorio ekonomikoak jadanik ari gara pairatzen. Prezioek gora egiten dute, bizi-kostua handitzen da, eta berriro ere langileen eta herri sektoreen bizkar gainera dator zama. Hori ezin dugu onartu. Pertsonen ongizatea lehenetsi behar da. Herritarrak babestu behar dira, merkatuen interesen eta espekulatzaileen gainetik.

Horrela ulertzen dugu guk Euskal Herriaren eraikuntza. Euskal nazioa langileentzat eta herri sektoreentzat aterpe demokratiko gisa garatu nahi dugu: euskal nortasunaren bizileku, eskubide ororen babesleku eta herritarren beharrizanen asebide. Hori da gure aberria.

Euskaraz biziko den Euskal Herria eraiki nahi dugu. Egunotan berriro sentitu dugu gure hizkuntzaren aldeko herri taupada sendoa, baina, aldi berean, euskara mehatxupean dagoela dakusagu egunero. Larrialdi linguistikotik indarraldira igaro behar dugu.

Mundutik datozkigun eta bertan sortzen zaizkigun erronkei erantzun beharrean gaude, eta horretarako lanabes eta baliabide politikoak behar ditugu. Euskal Herriaren oraina eta geroa erabakitzeko gaitasuna eta gure herriaren hitza errespetarazteko bermeak behar ditugu. Horregatik, beste jauzi bat egin behar dugu burujabetzaren bidean.

Frantziako zein Espainiako estatuetan lurralde ereduaren eztabaida zabalik dago, eta Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herria) estatus politikoak berritzeko beharra gero eta agerikoagoa da. Egitura politiko-instituzionala berrosatzeko ariketa egitea lehentasun bat da, lehenik eta behin bertako eragile eta indarren artean akordio sendoak eginez.

Hori da Aberri Egun honetan zabaldu nahi dugun mezuetako bat: herri gisa jokatu eta adostasun zabalak eta gehiengo politiko eta sozialak osatu behar ditugu, bai aurrean ditugun arriskuei –eskuin muturreko oldarraldiari, besteak beste– erantzuteko, bai urteotan egindako herri lanaren uzta jasotzeko.

Ezkerreko abertzale, subiranista eta independentistok eskuak zabalik ditugu elkarrekin etorkizuna irabazteko. Zentzu horretan, aipamen bat egin nahi diegu Ipar Euskal Herrian iragan berri diren herri hauteskundeei. Izan ere, etapa berri bat irekiko da orain, bai herrietan bai Euskal Hirigune Elkargoan. Ezkerreko abertzaletasunak jaso duen sustengua eta egindako aitzinamendua oso garrantzitsua izan da eta, hain zuzen, indar berritu hori Euskal Herriak dituen erronken alde jartzeko lanabes izanen da.

Bada, beraz, arrazoirik euskaldunon aberriaren alde egiteko, eta horregatik dei egiten diegu euskal herritarrei Aberri Egun honetako ekitaldietan parte hartzera. Euskal Herria Baterak joan den larunbatean Lizarran antolatutako ekitaldi bateratua izan da lehen hitzordua. Eta apirilaren 5ean, Aberri Egunean bertan, Baionan eta Iruñean elkartuko gara, nazio bat garela eta gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi dugula aldarrikatzeko.