AKTUALITATEA

Naziogintza | 2026-04-03

Iruñeko kaleetan ospatuko du, aurten ere, Aberri Eguna EH Bilduk. Golem zinemetatik eguerdiko 12:00etan abiatuko den manifestazioa eta mobilizazioaren amaieran Arnaldo Otegi hizlari nagusi izango duen Takonera parkeko ekitaldi politikoa izango dira eguneko ekimen nagusiak. Izaera politikoagoa duten ekitaldiez gain, EH Bilduren Aberri Egunean aisialdirako eta dibertsiorako tartea egongo da, eta ekitaldi politikoa amaitutakoan, adin eta publiko guztientzako ekitaldi kultural eta musikalak izango dira Iruñeko hainbat txokotan.

EH Bildu ez da bakarrik egongo Aberri Egun honen ospakizunean. Espainiako Estatuko ezkerreko hainbat indar subiranista euskal ezker subiranistarekin batera izango dira datorren igandean. ERC, Compromís, BNG, CUP, Més Per Mallorca, Més Per Menorca, Comunistes de Catalunya, Catalunya en Comú, Adelante Andalucía eta Más Madrid indarretako ordezkariek hartuko dute parte manifestazioan eta ondorengo ekitaldietan.

Aurtengo Aberri Egunak Euskal Herri osotik Iruñera etorritako milaka euskaldunek eraiki nahi duten Euskal Errepublika eta gure herriaren burujabetza aldarrikatzeko balioko du. Baina nazioarteko testuinguru nahaspilatsuak ere esangura berezia izango du. Hala, gerraren kontrako mezuek eta herrien burujabetza aldarrikatzeak espazio nagusi bat izango dute Aberri Egunean. Horren adierazle da manifestazioa kubatar batek eta palestinar batek irekiko dutela, eskuan Picassoren Guernica margolaneko txoria eskuetan dutela. Milagros Acea Alfonso, Sierra Maestra elkarteko kidea eta Argia eta Indarra Kubarentzat kanpainaren bultzatzailea eta Fouad Baker Martin Etxean babes hartu duen aktibista eta jurista palestinarra izango dira ardura hori hartuko dutenak.