Nagore Alkorta:
Gaurko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan aztertutako dokumentazioan agerian hainbat gauza geratzen dira. Aurreikuspen baikorrak egiten dira, baina, EH Bilduren ustez, zuhurtziaz aritzea funtsezkoa da ziurgabetasun garai hauetan. Prudentzia eskatzen du momentu honek. Ziurgabetasun handiko garaiak dira, Pradales lehendakariak berak adierazi edo ohartarazi zuen Politika Orokorreko plenoan, izan daitezke (eta ikusten ari gara)aurreikuspen guztiak hankaz gora utzi ditzaketen gertaerak eman daitezkela eta hori oso kontutan izan behar da. Ohikoa da gaurkoa moduko bileretan aurreikuspen baikorrak egitea eta dena ondo dagoenaren mezu hori herritarrei helarazi nahi izatea, baina gero, horrek errealitate gordinarekin topo egiten du. Beraz, zuhurtzia eta kontu asko aurreikuspenak egiterakoan, ze baikorregiak diren aurreikuspen horiek ez betetzeak, ondorio larriak izaten ditu udalengan, dirua itzuli behar izaten dutelako eta egoera korapilatsuak sortzen direlako, aurten gertatu den bezala.
Bestetik, EH Bildutik behin baino gehiagotan adierazi dugu eta gaur berretsi egiten gara: Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak sakoneko erreforma fiskala behar dute, herri honek eta herritarrek duten beharrizanei erantzuteko diru baliabideak biltzeko gai izango dena. Zerga errebisioa egin zen urtearen hasieran, EH Bilduk salatu zuen gure zerga sistemak dituen egiturazko arazoei ez ziela aurre egiten eta, gainera, diru bilketan eragin negatiboa izango zuela eta berretsi egiten da hori, datorren urterako aurreikuspenetan. Oraindik ere, diru bilketaren gehiengoa pertsonen errentetatik jasotzen da, langileen bizkar geratzen da, eta ez Sozietateen Zergetatik. Sozietateen zergatik gero eta gutxiago biltzen da, enpresa handi askoren etekinak asko handitu direnean. Eta ikusteko dago, diru bilketan, adostu zen zerga kenkari zerrenda luze horren ondorioak zeintzuk izango diren, ze hori ez da aztertu behar bezala. Baina finean, ez ditugu bermatuak esku artean ditugun erronka handi horiei erantzun ahal izateko baliabideak.
Zerbitzu publiko indartsuak mantendu ahal izateko, udalek nahikotasun eta sendotasun finantzarioa behar dute, eta gaur egungo diru bilketa eta banaketak ez du hori bermatzen. Ez baitugu ahaztu behar udalek, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izanik, dagozkienak baino ardura handiagoak hartzen dituztela beren egunerokoan. Oraindik ere gaitasun ekonomikoan desberdintasun handiak eragiten ditu erakundeen artean instituzioetan egiten den diru banaketak.