AKTUALITATEA

Bizikidetza | 2024-10-03

Espainiako Gobernuarekin eta gobernua osatzen indar politikoekin Mozal Legearekin behingoz amaitzeko akordioa lortu du EH Bilduk. Mertxe Aizpurua bozeramaileak eta Jon Iñarritu diputatuak azaldu dutenez, Mozal Legearekin amaitzeko zintzilik zeuden lau artikuluen inguruko akordioa hitzartu du talde subiranistak gobernuarekin: hain justu, errespetu faltak, desobedientzia, gomazko pilotak eta mugan eginiko kanporaketak. Modu honetara, Mozal Legearen neurri kaltegarri guztiekin amaituko da, eta guzti hori egungo legea ordezkatuko duen lege berri batean jasoko da.

Ildo horretan, Herritarren Askatasun eta Segurtasunari buruzko Lege Organikoak joan den legealdiko tramitazioan lortutako akordio eta aurrerapen guztiak bere egingo ditu. Horrez gain, gaur aurkeztuko ditugun lau gaiak ere txertatuko dira lege berrian; gogoratuko duzuenez, blokeoa eragin zuten aurreko legealdian. «Akordio honekin, beraz, orain arte zegoen blokeoa haustea, adosteke zeuden elementu kaltegarrienak ezabatzea eta Mozal Legearen amaiera errealitate bilakatzea lortu dugu», nabarmendu du Aizpuruak.

1. Lehenik eta behin, errespetu faltagatik eta desobedientziagatik ezarritako zigorren diskrezionalitatea amaituko da. Gogorarazi nahi dut bi horiek direla urteotan zigorrak jartzeko gehien erabili diren artikuluak. Hemendik aurrera, zigorrak arrazoi objektiboekin justifikatu beharko dira, eta horrek orain arteko subjektibotasuna amaitzea eragingo du adierazpen askatasunerako eskubidea blindatuz. Gainera, errespetu faltekin lotutako zigorrak ezeztatu egingo dira zigortutako pertsonak atzera egiten badu, eta desobedientziari lotutakoak arau-hauste larri izatetik arau-hauste arin izatera pasako dira.

2. Bestetik, gomazko piloten erabilerarekin amaitzea lortu dugu. Balio eta garrantzia handia ematen diogun neurri honi. Gomazko piloten ordez, hain kaltegarriak ez diren materialak erabiliko dira aurrerantzean. Euskal gizarteak arlo honetan azken urteotan egindako aldarrikapen nagusietako bat bete dugu horrela.

3. Azkenik, mugan eginiko kanporaketen arazoa giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen ikuspegi humanitario eta bermatzailetik jorratzea erdietsi dugu. Gehienez ere 6 hilabeteko epean Atzerritarren Legea aldatuko da, eta irizpide gisa ezarriko da Giza eskubideen eta Nazioarteko babesaren araudia errespetatzea eta aplikatzea. Modu horretara, babes-eskaeretara sarbidea izateko ebaluazioa balizko kanporatze prozesuen aurretik egingo da.
 

 
Aizpuruak azaldu du EH Bilduk gogor lan egin duela azken hilabeteotan Euskal Herriko eta Estatuko herritar guztientzat onuragarria den akordio bat lortzeko. «PPk, 2015ean, Mozal Legearen onarpenarekin, murriztu zituen eskubide eta askatasunak berreskuratzeko hartu genuen konpromisoa bete dugu horrela. Oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzea eta babestea lortu dugu, eskuinak aspalditik murriztu dituen adierazpen eta manifestazio askatasuna blindatzeaz gain», zehaztu du.

Lau neurriei buruzko akordioa lege berri batean txertatuko da, eta aurreko legealdiko ponentziaren txostena ere jasoko da bertan. Hortaz, orduan adostu eta onartu ziren talde guztien proposamenek isla izango dute testu berrian. «Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu prozesuan parte hartu duten talde guztiei: BNG, EAJ, Junts, ERC, Podemos, Sumar eta PSOEri, aurrerapauso horiekin puntu honetara iristea posible egin dutelako. Lorpen hau kolektiboa delako, guzti-guztiona». Era berean, gobernuak negoziazio luze baten ondoren akordio hau lortzeko erakutsi duen borondatea baloratzen eta aitortzen du EH Bilduk. «Lan serio eta diskretua izan da elkarrekin aurrera eraman duguna. Eta, azkenean esan dezakegu, fruituak eman dituela».​
 

Era berean, Aizpuruak jakinarazi du Mozal Legearekin amaitzeko konpromisoa hartu duten talde guztiekin hitz egin duela jada, eta gobernuarekin lortutako akordioaren berri eman diela. «Gure nahia da talde guztiek elkarlanean egin dugun lanaren adierazgarri izatea lege berria. Horregatik, gure asmoa da datozen orduetan Kongresuan aurkeztuko dugun lege berriaren sinatzaile eta partaide izatea Mozal Legearekin bukatzeko borondatea duten alderdi guztiak. Testua taldeen esku dago jada, eta uste dugu gehiengoak jarrera baikorra duela tramitazioa aurrera eramateko», nabarmendu du EH Bilduren bozeramaileak.

«Sarritan esan dugu legealdi honek eskaintzen digun aukera leihoa irekita mantentzearen aldeko apustua egingo dugula gehiengo plurinazionalaren eskutik, gehiengo sozial eta langileentzat aurrerapausoak lortzeko eskubide eta askatasunetan. Gaurko albiste on hau herritarren bizi baldintzak hobetzeko urrats eta lorpen horietako bat da. Hori da, gure ustez, gobernuak eta gehiengo plurinazionalak partekatu behar dugun helburua. EH Bilduk bide horretan jarraituko du lanean etenik gabe», amaitu du Aizpuruak.