EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua elkarrizketatu dute Naiz Irratian eta bertan erreferentzia egin dio atzo egun seinalatuari. «Duela 50 urte hil zen Franco diktadorea, baina frankismoa ez. Frankismoak bizirik dirau oraindik ere, ez bakarrik kalean, Estatuko hainbat egituratan ere. 1978an ez zen haustura demokratikorik egon, eta gaur horren ondorioak jasaten ari gara», esan du. «Gaur egun, bost hamarkadaren ostean, Francoren oinordekoak mehatxu erreala dira gure herriarentzat, gure autogobernuarentzat, gure hizkuntzatentzat eta gure kulturarentzat», gehitu du Aizpuruak.
Bozeramaileak, halaber, mobilizaziorako deia egin du, asteburuan Bilbora joateko deia luzatuz herritarrei. «Horren isla dira azken asteotan Euskal Herriko kaleetan frankismoa harrotasun osoz aldarrikatzen eta probokatzen ikusi ditugun faxistak. Horregatik, faxistei zirrikitu guztiak ixtea eta kalean aurre egitea inoiz baino beharrezkoagoa da. Horretarako aukera paregabea daukagu bihar Bilbon».
Bestalde, monarkia gogoratzeko ekitaldiari Kongresuan planto egin izanaz mintzatu da: «Espainiako monarkiaren 50. urteurrena omentzeko ekitaldi bat antolatu dute gaur Kongresuan. EH Bilduk planto egingo dio erakunde anakroniko baten iragana zuritu eta oraina legitimatzeko ekitaldiari», azaldu du Aizpuruak. «Monarkia ez zen jaio ez herriaren borondatetik, Franco diktadorearen erabaki batetik baizik. Monarkia ez da bateragarria printzipio demokratikoekin, eta bost hamarkada hauetan Espainiako batasuna defendatzeko eta nazioen aldarrikapenak zapuzteko erabili da. Frankismoaren herentzia bat da», nabarmendu du.
Bozeramaileak, halaber, gogoan izan ditu Josu Muguruza eta Santi Brouard, atzo EH Bilduko hainbat ordezkarik haien omenezko ekitaldian partu hartu ostean. EH Bilduko diputatuaren esanetan, «Faxistek Josu Muguruza eta Santi Brouard hil zituztenetik 36 eta 41 urte betetzen dira. Diputatu gisa eraildako ordezkari bakarra izan arren, aitorpen guztiak ukatzen dizkiote Muguruzari oraindik Madrilgo erakundeetan. Diputatu akta jaso eta ordu gutxira hil zuten, baina berarentzat ez dago minutu bateko isilunerik».
«Biharko manifestazio nazionala oroimenerako eguna izango da. Josu Muguruza eta Santi Brouard-ez gain, frankismoko biktima eta azken fusilatuak ere omenduko ditugu. Haien senideak Bilbon egongo dira, eta aitortza eta errespetua helarazteko aukera izango dugu», adierazi du ildo horretan.
Euskal Selekzioaren partida ahaztezinaz ere mintzatu da Aizpurua elkarrizketan eta aste honetan Sanchez Presidenteari egin dio galdera ere aipatu du. «Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenak aintzat hartzeko eta euskal gizartearen gehiengo zabal baten nahia errespetatzeko eskatu diogu aste honetan Pedro Sanchezi. Euskaldun bezala jokatu nahi dugu partida munduaren aurrean. Nazioaniztasuna ezin daitekeelako sinbolikoa izan. Hitzekin ez, ekintzekin erakutsi behar du gobernu honek».
Bukatzeko, Espainiako Fiskal Nagusiaren epaiari loturik, Aizpuruaren esanetan, «erabakia azaroaren 20an publiko egitea ez da kasualitatea. Euskaldunoi gutxi harritzen gaituzte Espainiako Auzitegi Gorenetik etor daitezkeen epaiek. Lehen ez gintuzten harritzen eta orain ere ez. Badakigu zer dagoen atzean». «Epaiaren testuingurua argia da: Aznarrek argi eta garbi adierazi zuen “hitz egin dezakeenak, hitz egin dezala; egin dezakeenak, egin dezala; mugitu daitekeena, mugitu dadila". Eta hori gertatzen ari da estatumentu ezberdinetan, Poliziatik Auzitegietara. Operazio bat dago. Argi eta garbi», salatu du diputatuak.